argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeen kontra Andaluzian ezarritako neurri berdinak EAEn aplikatzeko eskatu dute
  • EAEko Hipotekak Kaltetutako Plataformak (PAH) eta Stop Etxegabetzeak erakundeak Andaluziako Juntak hartutako neurrien antzekoak aplikatzeko eskatu diote larunbatean legebiltzarrari. Neurri hauek, besteak beste, hutsik dauden etxeen desjabetzea ahalbidetuko lukete.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 22a
EAEn dauden 81.000 etxe hutsak desjabetzeko eskatu dute (argazkia: eitb.com)

Bi erakundeek egin duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, etxegabetzeen kontra Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa erabilgaitza izan da orain arte, eta ez du egoera konpontzeko balio izan.

Finantza erakundeei “inongo konpromisorik” eskatu ez zaiela salatu dute, eta etxebizitza publikoen eta alokairuzkoen eskaintza oso murritza dela.

Egoera honen aurrean, Andaluziako Juntan egin den bezala, premiazko lege bat elaboratzeko eskatu dute, EAEn dauden 81.000 etxebizitza hutsak desjabetu ahal izateko. “Batez ere, finantza erakundeenak direnak”, gehitu dute.

Era berean, desjabetutako etxe horiek euren etxeetatik kaleratutako familiei eskaintzea eskatu dute, alokairu sozial bat ordainduz mantenduko lituzketenak. Behar gehien duten familiei lehentasuna eman beharko litzaiekeela adierazi dute.