Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hezkidetza lantzeko eta eraso sexistei aurre egiteko plana jarriko du martxan EAEko ikasgeletan. Besteak beste, “genero eta gizarte eraldaketa” ikasgaia bultzatuko du.
Aurtengo ikasturtean hasi eta 2015-2016 ikasturtera bitarte ezarriko dute egitasmoa. Hasieran, hamar ikastetxetan proba-pilotuak egingo dituzte. Gero, EAEko gainontzeko ikastetxeetara zabalduko dute.
Hainbat neurri proposatzen ditu planak hezkidetzan oinarritutako hezkuntza lortzeko bidean. Besteak beste, “generoa eta gizarte eraldaketa” ikasgaia hurrengo ikasturtean sartzea; eduki sexistarik bultzatzen ez duten argitaletxeak saritzea; curriculuma aztertu eta emakumeen presentzia handitzea; eta gelatan ematen den sexualitate heziketa berritzea.
Egitasmoa ekainean aurkeztu zuen Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak. Geroztik, interneten zintzilikatuta dago planaren behin behineko zirriborroa. Herritarrek parte hartzeko eztabaida saioa ere ireki zuten, hiru astez. Osotara, bost iruzkin jaso ditu zirriborroak: erabiltzaileek egindako hiru eta Hezkuntza sailak egindako bi.
Behin betiko plana hilaren 30ean aurkeztuko du Hezkuntza sailak, Emakundek Bilbon antolatutako “Berdintasunareako gunea” izeneko jardunaldietan.