argia.eus
INPRIMATU
EAEko eskola publikoko ikasle bakoitzari ordenagailu eramangarri bana agindu dio Jaurlaritzak
  • Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko 2. maila arte, EAEko ikastetxe publikoetako ikasle bakoitzak ordenagailu eramangarri bana izango du datorren ikasturtetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatua. Hala iragarri du Jokin Bildarratz sailburuak, “iraultza digitala” martxan jarri nahi dutela-eta.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 22a

Hiru urtetan 106,3 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak hezkuntzaren digitalizazio estrategiara. Pandemian agerian geratu den hutsunea estaltze aldera, “iraultza digitala” iragarri du Bildarratzek, eta aurreratu du ikastetxeen, ikasleen eta irakasleen alfabetizazio digitala duela helburu planak.

Hezkuntza segururako baliabideak

Horrez gain, 2021ean Hezkuntza Sailak egingo dituen diru-partiden berri eman du sailburuak. Besteak beste, 95,6 milioi euro bideratuko dira pandemia garaiotan aurrez aurreko eskola segurua bermatzeko baliabideetara. Hain juxtu, baliabide gehiago eskatuz mobilizazio ugari egin ditu hezkuntza komunitateak –azkena, Hezkuntza Plazara ekimena–, eta ikusi beharko da baliabide horiek zertan gauzatzen diren zehazki.