argia.eus
INPRIMATU
EAEko DBHko ikastetxe batzuk jardunaldi jarraiaren alde mobilizatzen hasi dira
  • Pandemia dela-eta, azken ikasturteetan jardunaldi jarraia izan dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe askok. Praktikan probatu dutenean, ikastetxe batzuei egokiagoa iruditu zaie eguerdian bukatzen den jardunaldi mota hau eskolak goiz eta arratsalde zatitzen dituena baino, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskatu diote hurrengo ikasturtean ere hala jarraitzeko aukera ematea. Ikasturtea bukatzeko aste gutxiren faltan ezezko erantzuna eman du Hezkuntza sailak eta honen aurrean, hainbat ikastetxek ostiral eguerditan elkarretaratzeak egiteari ekin dio eta beste hainbat hezkuntza komunitateetan eztabaida pilpilean da: izan ere, ikastetxeen autonomia, jantokien sistema, ikuspegi soziala eta bizitza antolatzeko ordutegiak zeharkatzen ditu jardunaldien gaiak.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko ekainaren 10
Donostiako PeƱaflorida ikastetxean elkarretaratzea egiten dute ostiraletan jardunaldi jarraiaren alde.

"Legeak eskatzen dituen klase ordu kopuruak ematen badira, zergatik ezin du ikastetxe bakoitzak bere ordutegia erabakitzeko autonomia eduki? Ez dugu beste ikastetxeekin eztabaidan sartu nahi ea besteentzat onena zer den, baina gure kasuan oso argi dago zein jardunaldi motak duen adostasun ia erabatekoa". Hala adierazi du Billabonako DBHko ikastetxe publikoko Arratzain guraso elkarteak eta bere ikastetxearen ezaugarriak azaldu ditu: "Aiztondo bailara osoko ikasleak biltzen dituen eta herrigunetik aparte dagoen ikastetxea da: ikasleen erdiak (174 zehazki) garraiatuak dira, egunero autobusez joan-etorria egiten dute inguruko herrietatik. Beraz, jardunaldi etena egiteak alde batetik dakar ikasleek etxetik kanpo ordu asko egiten dituztela, eta bestetik, jangelaren kliente kautibo direla, hau da, ikasle askorentzat jangelan geratzea ez dela aukera bat, ezinbestean duten aukera bakarra baizik. Aldiz, jardunaldi jarraia egiteak bermatzen du jangelan geratzeko aukera (azken ikasturteetan egin dugun bezala)".

EAEn 333 ikastetxe dira hurrengo ikasturtean DBH eskainiko dutenak eta zaila da jakitea hauetatik zenbat ari diren jardunaldi jarraia eskatzen, eta zenbatean ari diren eztabaidatzen gaia. Jardunaldi jarraiaren aldeko plataforman oraingoz hamasei ikastetxe daude elkartuta.

Erabakitzeko autonomia eskatzen duten ikastetxeetan, jardunaldi jarraiaren aldeko kontsentsua oso sendoa da eta ikastetxeko Organo Gorenetan onartu da jardunaldi jarraiaren aldekotasuna: adibidez, Erniobea ikastetxeak iaz egin zuen galdeketan, jardunaldi jarraiaren alde agertu ziren erantzun zuten familien %98,72, ikasleen %97,6 eta irakasleen %93,2. Donostiako Peñaflorida ikastetxeko gurasoek gaiaz galdetuta jasotako emaitza erakusten du beheko grafikoak:

Oraingoz, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak ez die ikastetxeei autonomiarik aitortzen jardunaldia aukeratzeko: "2022-23 ikasturtean, eskolaldi zatitua nahitaez bete beharko dute EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztiek, bai Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoek, bai funts publikoekin mantendutakoek”.

Eguna antolatzeko modua ezbaian

Azken hamarkadetan Hezkuntza sailak eraman duen kontzentrazio politikaren ondorioa da DBHko eraikin handietan pilatzen direla auzo edo herri ezberdinetako ikasleak eta beraz, joan-etorrian denbora ematen dutela ikasle horietako askok.

Baina ikastetxetik urrun zein hurbil bizi, arratsaldea antolatzeko moduan eragin zuzena du jardunaldi motak. Hain zuzen argudio hori da Erniobea ikastetxeko gurasoek eman dutena: "Jardunaldi jarraiak aukera ematen du eguna hobe antolatzeko, adibidez, seme-alabek eskolako lanak egiteaz gain arratsaldean beste jarduera batzuk ere egin ahal izateko, lanak gauean pilatu gabe".

Ikasteko zer jardunaldi da hobe? Horra hezkuntza komunitateak ordutegiaz eztabaidatzerakoan lehenik mahai gainean jartzen duen galdera. Beste gaietan gertatzen den bezala, guztiz kontrakoak diren emaitzak ematen dituzten ikerketak seinalatuko ditu bakoitzak (norberaren jarrerarekin bat datozenak), eta irakasleen artean era guztietako teoriak entzun daitezke.

Elikadura sistema, kontziliazioa eta kohesio sozialaren gaiak berriro pilpilean

Azken ikasturteetan jardunaldi jarraia izan denez, jantokira joango liratekeen ikasle asko etxera etortzen ohitu dira familiak. Eta jardunaldi zatitura itzuliko direla jakin dutenean, jantokien gaia berriz mahai-gainera atera da: familia horietako asko catering sistemaren "bezero kautibo" sentitzen dira, eguerdian joan-etorria egiteko aukerarik ez dutelako. Familia horiek ez dute ulertzen zergatik ez dagoen cateringa ez den beste aukerarik otordua egiteko, adibidez, zergatik ezin den etxetik janaria eraman eta ikastetxean jan. Bertako sukaldea martxan jartzeko gogoa berriz hauspotu du familia batzuengan jardunaldi zatituaren gaiak.

Gaztetxoak egunean ordu askotan ikastetxeetan "zainduta" egoteak eta bazkaria bermatuta izateak betetzen du bere funtzio soziala. Etxetik kanpo lan egiten duten familien kontziliazioa errazten du eta diru sarreraz estu dabiltzanentzat otordu nagusia segurtatzen du. Argudio horiek dira jardunaldi etenaren alde ematen direnak.

Jardunaldi jarraiaren alde egiten dutenek diote jangela zerbitzua berdin ematen dela klaseen ostean, eta beraz, funtzio hori bermatzen dela. Eta kontziliazioari begira, diote DBHn 12-16 urteko ikasleak izanik, etxean moldatzeko besteko adina badutela gaztetxo horiek. Gainera, Arratzain Guraso Elkarteak kontraesan hau azaleratu du: "Jardunaldi etenean ere asteko bi egunez jarraia egiten bada, ez dugu ulertzen zergatik ezin den egunero jarraia egin".

12-16 adin tartean, ikastetxean ahalik ordu kopuru gehien ematea al da gizarte kohesioa bermatzeko bidea? Jardunaldi jarraiaren aldeko plataformak zera aldarrikatu du: "Egunean sei ordu klase emateko ez dugu eskolan 8 ordu egon behar". Jantoki garaia bera liskar-gune izaten dela adierazten dute irakasleek, eta horretan izango du zerikusirik bideratzen den baliabide kopuruak.

Orain artean jardunaldi jarraiaren alde mobilizatu diren ikastetxeak

EAEn 333 ikastetxe dira hurrengo ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak (hemen ikus daitezke denak), eta era guztietakoak: publikoak eta kontzertatuak.

Hauetako hainbatek jardunaldi jarraia egin du azken ikasturteetan, pandemian ezarri ziren neurriak ezin zirelako bete ikastetxe askotako jantokietan, adibidez, ikasle askok bazkaltzeko hainbat txanda egin behar baziren, edo jantokia espazioz txikia bazen, eta abar. EAEko zenbat DBH ikastetxeetan dagoen jardunaldi jarraiaren gaia eztabaidagai ez da erraza jakiten; esan daitekeena da 16 ikastetxe daudela oraingoz elkartuta jardunaldi jarraia bultzatzen duen EAEko plataforman: Mendata (Deba), Peñaflorida (Donostia), Colegio Amor Misericordioso (Sestao), Dolores Ibarruri (Abanto-Zierbena), Nuestra Señora del Carmen (Portugalete), Calasanz (Santurtzi), Mercedarias (Leioa), Begoña (Santutxu), Sagrado Corazón (Errenteria), Oriarte (Lasarte-Oria), Salesianoak (Gurutzeta), Salesianoak (Deustu), Telmo Deun (Zumaia), Cruces (Barakaldo), Calasanz (Gasteiz) eta Erniobea (Amasa-Billabona).

Plataformak adierazi du "ikastetxe eta institutu bakoitzak erabakitzeko duen eskubidea defendatzen" duela eta ostiraletan ikastetxeetan elkarretaratzeak egitea bultzatu du: guraso, ikasle eta irakasleek elkarrekin eskolako azken 15 minutuak zentro atarian kontzentratuta ematea. Horrez gain, sinadura bilketa abiatu du (Peñaflorida ikastetxeak bakarrik 6.000 sinadura inguru lortu ditu, Hirutxuloko Hitzak azaldu duenez).