Ekologistak Martxanek jakinarazi duenez, EAEko milioi eta erdi pertsonak aire kutsatua arnastu dute 2018an: biztanleriaren %70ak, lurraldearen %47an. Nafarroari dagokionez, lurraldearen bi heren ari dira kutsadura maila altua jasaten.
Ekologistak Martxan taldeak urtero osatzen duen Espainiako Estatuko Aire Kalitatearen Txostena aurkeztu du. EAEn kutsadura neurtzeko dauden 55 estazio ofizialetako datuak aztertu dituzte, baita Nafarroako Erkidegoko 12ak ere; eta Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen kutsadura mailak hartu dituzte erreferentziatzat.
2018an suspentsio partikulen (PM10 eta PM2,5) nitrogeno dioxidoaren (NO2) eta sufre dioxidoaren (SO2) kutsadura mailek behera egin dute txostenaren arabera. Horren arrazoi nagusiak prezipitazio ugariak eta ezegonkortasun atmosferikoa izan dira, airearen kalitatea hobetzen lagundu baitute. Energia elektrikoaren produkzioak behera egiteak ere eragina izan du. Aldiz, erregai fosilen erabilerak gora egin du, bereziki garraioan eta industrian.
Ozonoaren kutsadura ere altu mantendu da. Ozono troposferikoa da eragin handieneko kutsatzailea, eta horren indizeak mantendu edo igo egin dira. Aldaketa klimatikoaren ondorioak daude horren atzean, Ekologistak Martxanen iritziz: batez besteko tenperaturen igoera eta bero-oldeen ugaritzea, besteak beste.
Hiriburuak, errepideak eta industria
Talde ekologistak gogoratu du EAEko aireak duen ozono kontzentrazio maila arriskutsua dela bai gizakientzat bai naturarentzat oro har. Kutsaduraren foku eta sortzaile nagusiak EAEko hiru hiriburuak, autopistak, autobideak eta Nerbioi Behera eskualdeko industriak dira, txostenaren arabera. Gune horietan sortutako kutsadura inguruneetara zabaltzen da ozono troposferikoaren bitartez.
Ekologistak Martxanek Eusko Jaurlaritza kritikatu du Nerbioi Behera eskualdeko eta Barne Arroetako planak aprobatu ez izanagatik: “Zonalde horietako milioi bat pertsonaren osasuna arriskuan jartzen duen arduragabekeria”. Hiriburuetan trafikoa gutxitzearen garrantzia azpimarratu du, garraio publikoa, bizikleta eta oinez mugitzea sustatuz. Aurrezte energetikoa sustatzea ere beharrezko jo du.
Nafarroari dagokionez, hiriguneen arazoaz gain, problema puntual batean jarri du fokua talde ekologistak: Zubiriko Magnesitas de Navarra enpresaren inguruan iaz 11 aldiz gainditu ziren Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituen SO2 mailak. Bi kutsadura ardatz garrantzitsu dauzka Nafarroak txostenaren arabera: Ebro bailaran bata, ziklo konbinatuko zentral termikoen eraginez (Castejongoa eta Errioxako Arrubalgoa), baita Tuterako Guardian Glass eta Faureciaren eta AP-15 eta AP-68 errepidearen eraginez. Bestea berriz, erkidegoaren iparraldean dago eta kutsaduran eragiten duten faktoreen artean Portland fabrika, Torraspapel, Iruñeko Volkswagen eta Hiri Buruzagiaren inguruko trafiko handia daude, besteak beste-