argia.eus
INPRIMATU
EAEko biztanleen eros-ahalmena lau puntutan gutxitu da krisia hasi zenetik
  • Prezioek soldatek baino gehiago egin dute gora EAEn krisia hasi zenetik. Ia 400.000 langile soldatak eguneratzeko lan hitzarmena noiz berrituko zain daude.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 14a

KPI Kontsumoko Prezioen Indizea %0,1 igo da EAEn abuztuan: ondasun eta zerbitzuen erosketa saskia Espainiako Estatuko ia Autonomia Erkidego guztietan baino garestiagoa da. Espainiako KPIren batez besteko jaitsiera %0,1ekoa izan da.

Soldatek ez dute prezioen neurriko gorakada izan. %6,76 hazi dira krisia hasi zenetik eta inflazioak berriz, %10,2 egin du gora, INE Espainiako Estatistika Instituzioaren azken txostenaren arabera.

Ez dirudi, gainera, soldatek prezioen neurriko hazkundea izango dutenik. Abuztura arte hitzartutako soldaten igoera %1,13 da (KPI baino puntu bat gehiago) baina 87.446 langilek soilik berritu dute lan hitzarmena aurten. 382.000 behargin zain daude soldatak eguneratuko dituen hitzarmena noiz sinatuko.

Pablo Martin Confebaskeko kideak inflazio baxua enpresen lehiakortasunerako onuragarritzat jo du, Deia egunkariari egindako adierazpenetan eta gaineratu du “soldaten moderazioa mantentzen laguntzen” duela, “erosteko ahalmena kolokan jarri gabe”.

EAEko UGT ez dator bat Martinek esandakoarekin. “Hitzarmen kolektiboak eta soldatak eguneratzea premiazkoa” dela esan dute eta Confebaski eskatu diote “hitzetatik akordioetara” igarotzeko.