argia.eus
INPRIMATU
EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren aurkako epaia eman du
  • Bost artikulu baliogabetu ditu, besteak beste, kontratazio administratiboarena eta diru-laguntza jasotzaileen betekizunena. Foru Aldundiak epaia errekurrituko du.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 23a
Argazkia: Gari Garaialde / Argazki Press

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Mikel Irizarrek, adierazi du Auzitegi Nagusiaren epaian arrazoi teknikoak erabiltzen direla sarri eta idazketaren interpretazio estua egiten dela: “Epaiak artikulu horiek baliogabetzeko ematen dituen argudioek ez dute gure hizkuntza politikaren funtsezko irizpideen aurka egiten”. Irizarren iritziz, baliogabetutako bost artikuluetan auzitegiak administrazioarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituen herritarraren eskubideak ikusi ditu arriskuan. Aldundiak azpimarratu du inoiz ez dela erreklamaziorik izan gaztelaniaz harremanak nahi dituen herritarren aldetik, eta aldiz, “gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarren kexak eta erreklamazioak jaso izan ditugu”.

Baliogabetutako bost artikuluak eta horietan jasotako gaiak ondokoak dira: komunikazio instituzionala (5. art.), kontratazio administratiboak (8. art.), diru-laguntzen jasotzaileen betekizunak (9.3 art.), argitalpenak (11. art.) eta internet eta intranet sareak (13. art.).

Euskara Plana 2017ko hondarrean amaituko da eta Foru Aldundiak baliogabetutako artikuluetan egokitzapen teknikoak egingo ditu.

UEMAk oso larritzat jo du sententzia

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak azpimarratu du Auzitegi Nagusiak argudiatu duela euskara lehenesteak “koofizialtasunaren araua” urratzen duela. UEMAk gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013-2017ko Euskara Planean euskara lehenetsitako hizkuntza izatea erabaki zuela.

Foru Aldundiak jasotako epaiaren ildo berekoak jaso dituzte hamarnaka udalek euskarari lehentasuna emateagatik. Hala, UEMAk gogorarazi du udaletan aktak euskara hutsean jasotzeagatik edo diru-laguntza publikoetan euskara lehenesteagatik Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak errekerimendu eta helegiteak jarri izan dituela.