argia.eus
INPRIMATU
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du funtzionarioen 35 orduko lan astea
  • Auzitegiak Eusko Jaurlaritza derrigortu du Espainiako Estatuan indarrean dagoen Legea ezartzera. Funtzionarioen lanaldia astean 37,30 ordukoa izatea zehazten du horrek. Urkulluren gobernuak kasazio errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Auzitegi Gorenean.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 27a

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezeztatu egin du funtzionarioen lanaldia astean 35 ordukoa izatea ahalbidetzen zuen dekretua. Magistratuek azaldu dutenez, Espainiako Estatuan 37,30 orduko lanaldia ezartzea arautzen duen dekretua indarrean dagoen bitartean, ezinezkoa izango da EAEko funtzionarioen lan orduak murriztea. Horretarako, beharrezkoa litzateke balio bereko arau bat, hau da, Estatu mailako legea.

Ebazpena sinatu duten epaileen arabera, “erabat definituta” dago nori dagokion lan orduak zehazteko ahalmena. Beraien iritziz, “35 orduko lanaldiak gastu publikoa areagotzea dakar”, eta eragina du aurrekontu-egonkortasunean.

Eusko Jaurlaritzak asteartean baloratuko du ebazpena, eta aukera izango du kasazio errekurtsoa aurkezteko Auzitegi Gorenean. Izan ere, 2016ko otsailean ezarri zuen 35 orduko lanaldia. Dagoeneko ezarrita daude ordu horiek funtzionarioen lan egutegian, Espainiako Estatuko abokatutzak ez zuelako kautelazko etendurarik eskatu. Eta abendua amaitzear dagoenean, ez dago tarterik euren lan baldintzak aldatzeko.

Espainiako Estatuko beste hainbat erkidegok ere lan orduak murrizteko saiakerak egin dituzte, baina Estatuko abokatutzak baliogabetu egin ditu denak.