argia.eus
INPRIMATU
EAEko aurrekontuak onartu dituzte EAJk eta PSEk, oposizioaren zuzenketa bakar bat ere kontuan hartu gabe
  • EAJko ordezkari Alaitz Zabalak adierazi du oposizioak ez duela konfiantzarik bere zuzenketetan.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 22a
Argazkia: IREKIA

Oposizioaren zuzenketak kontuan hartu gabe onartu dituzte EAEko aurrekontuak. EAJk eta PSE-EEk atzera bota zituzten proposamen guztiak, oposizioko taldeek zuzenketa partzialak aurkeztu dituzten arren ostegunean Legebiltzarreko batzordean.

Desados agertu dira oposizioko alderdiak. EH Bildu eta PPko ordezkariek Gasteizko Gobernua jo dute errudun adostasun faltagatik, eta Ciudadanoseko ordezkari Jose Manuel Gilek adierazi du aurrekontuak "kontinuistak" eta egungo erronketarako desegokiak direla.

Tira-biraren erdian, EAJko ordezkari Alaitz Zabalak azpimarratu du oposizioak ez duela konfiantzarik bere zuzenketetan, EAJrekin eta PSE-EErekin negoziaziorik bilatzen ez zuelako. Bestalde, PSE-EEko ordezkari Ekain Ricok nabarmendu du oposizioaren proposamenek ez dutela aurkeztu programa alternatibo bat.

Aurrekontuaren banaketari dagokionez, Osasun, Hezkuntza eta Lan eta Enplegu sailek osoaren %65 inguru izango dute 2024rako, hau da, 15.025 milioi euro inguru. Osasun Arlora 4.896 milioi euro bideratuko dira, batez ere Osakidetzara, ia %80. Bestalde, Hezkuntzara 3.672 milioi euro bideratuko dira, ikastetxe publikoetako langileentzat eta azpiegituretako inbertsioetarako aurreikusitako gehikuntzekin, %5,4ko eta %31,3ko hazkundearekin, hurrenez hurren.