EAJren Gobernuak Eusko Autonomia Erkidegoarentzat aurkezturiko aurrekontuek, Madrili eta Bruselari men egiten diete. Kapitalismoak Europan inposatu duen “austeritate” filosofiarekin bat egin dute aurrekontuok; Grezian, Portugalen, Italian eta Espainian langabezia eta miseria eragiten ari den filosofia bera, hain zuzen.
Urkulluk aurkeztutako aurrekontuak, Carlos Urquijo EAErako Espainiako Gobernuaren delegatuak ere aurkeztu zitzakeen. Antonio Basagoitik lehendakariari exijitu dio barkamena eska diezaiola Rajoyri, Espainiko Gobernuak egindako murrizketen kontra egindako salaketengatik: “Urkullurenak ere ez dira nola halako murrizketak”, esan du Basagoitik. Ez zaio arrazoirik falta, aurreikusitako 1.132 milioi euroko murrizketetatik, 711 milioi “gastu sozial” deiturikoaren kontura baitira. Murrizketaren zati handiena, %62,58, Hezkuntza, Osasuna eta Babes Sozialaren sailetan egin da, proportzionalki beste batzuk baino murrizketa txikiagoa izan duten arren.
Ez da egia dirurik ez dagoenik. Ez dagoena da borondatea politikoa enplegua sortuko duen beste politika ekonomiko bat aurrera eramateko; ez dago borondaterik fortuna eta enpresa handietatik diru gehiago bilduko duen politika fiskal bat egiteko. Eurak baitira hain justu, kapitalistak, beren politikak inposatzen dizkienak Brusela, Madril, Gasteiz edo Iruñeko gobernuei. Eta horregatik, dirurik ez dagoela dioen EAJren Gobernuak, AHTren obrak gelditu ez baizik aurreratu eta finantzatu egingo ditu, Kupoaren bizkar noski. Kupo horretako milioika euro, enplegu egonkorra eta gastu sozialerako inbertsioak egiteko bideratu zitezkeen, baina arazoak besterik ekarriko ez dituen AHTa eraikitzeko erabiliko dira. Urkulluk gezurra dio aurrekontu hauek beste irtenbiderik ez dutela baieztatzean. Hala ere, oso koherentea da Madril eta Bruselarekiko beti erakutsi duen otzantasunarekin.