argia.eus
INPRIMATU
EAEko aktibismo esparruetan ematen den indarkeria sexista aztergai duen ikerketa plazaratu dute
  • Mugimendu sozial, sindikatu, alderdi politiko, hedabide alternatibo eta GKEen baitan ematen diren indarkeria sexistak aztertu ditu Tania Martínez ikerlari feministak, Emakundek emandako bekarekin.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 08a

Ikerketak “Indarkeria sexistei buruzko imajinarioak eraldatzen Euskal Herrian. Emakume aktibisten narratibak” du izenburua, eta gaur aurkeztu dute Gasteizko Emakunderen egoitzan Martínez-ek eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Ikerketak aktibismo esparruetan ere indarkeria sexista “eman eta legitimatzen” dela ondorioztatzen duela azaldu dute.

Martínez-ek azaldu duenez, ikertu dituen eremu hauek sexismoa ukatzeko joera eta borroken hierarkizazioa bezalako berezitasunak dituzten arren, berdin-berdin ematen dira indarkeria sexistak hauen baitan. Izan ere, azaldu du, “beste edozein testuingurutan indarkeria posible egin eta berau justifikatzen duten logika berberak mantentzen dituzte”.

Guzti honi gaineratu dio zenbait elkartek diskurtso feminista beraien identitatearen parte bilakatu badute ere, horrek ez duela diskurtsoa barneratu dutenik ziurtatzen. Ez hori bakarrik, esparru hauetan jendartean ematen diren «publiko-pribatu dikotomia» ere mantentzen dela edota diskurtso feminista izateagatik gizonezko bat erasotzailea ezin izan daitekeelako uste hedatua egon badagoela ere azpimarratzen baititu besteak beste. Egungo jendartean pribilegio batzuk dituztela eta berauei muzin egin behar diela onartzea kolektibo hauetako gizonezkoei ere kosta egiten zaien eginkizuna dela aipatu du ikerlariak.