argia.eus
INPRIMATU
EAEko herritarrak biometrikoki identifikatzeko zerbitzua kontratatuko du Jaurlaritzak
  • Lizitazio publikora atera ditu Izenpek "herritarrak patroi biometrikoekin identifikatzeko" modua kudeatzera eramango duen "sistema baten eraikuntzarako zerbitzuak". Miloi erdi euroko kontratua izango da (gehi BEZ). Hona deialdi publikoa.

Sustatu 2018ko uztailaren 18a
Argazkia: sustatu.eus

Izenpe sozietate publikoa da, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek bultzatuta, eta praktikan erakunde hauen informatika zerbitzuen bidez osatua. Bere egiteko nagusia ziurtagiri digitalen kudeaketa da, bereziki EAE-ko herri administrazioekin harreman digital seguruak izateko.

Deialdiaren zehaztasunak dakartzan dokumentuak ez du asko argitzen alde teknikotik. Patroi biometrikoak bi eratakoak izan daitezkeela dio: aurpegiaren ezaugarriak eta hatz-marken xehetasunak.

Deialdiaren gainerako puntuak alor administratibokoak direla esan daiteke. Kontratua esleitu ondoren, 20 asteko epean lana eginda izatea espero du kontratatzaileak.

Identifikazio biometrikoa

Gai hau pil-pilean dago, eta gero eta gehiago ikusiko ditugu honen inguruko berriak. Azken asteetan Sustatun argitaratuak, adibidez:

Australian sartzeko ez duzu beharko pasaporterik, aurpegia ematearekin nahikoa izango duzu.

Microsoft enpresak migratzaileen familiak banatu dituen ICE erakundearen identifikazio biometrikoa garatu zuen, eta langileek protesta egin zuten horregatik.

Txinan betaurreko adimentsuak darabiltza poliziak, toki publikoetan jendea biometrikoki identifikatzeko. (albiste horren irudiarekin ilustratu dugu gaurkoa ere)

 

Albiste hau sustatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.