Aldiz, azken bost urteetan gora egin du psikofarmakoen eta kalamuaren kontsumoak, Eusko Jaurlaritzaren "Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017" txostenak jasotako datuen arabera. Jokoa ere hazi da, kirol apustuak bereziki.
15 eta 74 urte arteko 2.000 herritar baino gehiagok erantzun dute inkesta, Osasun sailburu Jon Darponek eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok azaldu dutenez: "Euskadin adikzioei aurre egiteko neurriak eta ekintzak diseinatzeko funtsezko tresna da txosten hau".
Alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak behera egin duen arren, horiek dira EAEn gehien kontsumitzen diren substantziak. Azken 12 hilabeteetan herritarren %81,2k edan du alkohola, asteburuetan bereziki, eta gizonezkoek gehiago. Oro har, psikofarmakoen kasuan ez beste guztietan, prebalentziak handiagoak dira gizonen artean. Alkoholari dagokionez, gehiegizko kontsumoa dutenen kopuruak behera egin du: astegunetan %2,5etik (2012) %0,4ra (2017), eta asteburuetan %11,3tik %8,1era.
Tabakoaren kasuan, 2008. urteaz geroztik ohiko kontsumo tasa % 30,5etik 2017ko % 22,1era jaitsi da. Azken 25 urteetako prebalentzia baxuena da. Halaber, erretzaile ez direnak %75,3 izatera heldu dira. Legez kanpoko substantzien artean kalamua da gehien kontsumitzen dena, eta kokaina ageri da zerrendan bigarrena. Bestalde, psikofarmakoen kontsumoak ere gora egin du: herritarren % 30ak adierazi du inoiz hartu dituela (2012an %22,4k).
Jokoa eta internet, gora
Jokoaren kontsumoa gorantz doa EAEn. Loteria eta kinielak dira oraindik nagusi (astero herritarren %25,7k jokatzen du), baina kirol apustuak gora eta gora ari dira azken urteotan, gizonezkoen artean bereziki, gazte eta adin ertainekoen artean konkretuki. "Arrisku-jokabideak" dituztenen proportzioa mantendu egiten da: 2017an %0,6 eta 2012an %0,4. Gero eta pertsona gehiagok jokatzen duten arren, jokorako adikzio-arriskurik erakusten ez dutenen ehunekoa ere handitu egin da: %23,7 (2012an %19,8).