argia.eus
INPRIMATU
EAEko 238 goi-karguk auto ofizialean bost milioi kilometro egin dituzte aurten
  • 3.785 ibilgailu daude Eusko Jaurlaritzaren esku eta ia 18 milioi euroko kostua dute urtean gutxi gorabehera. Horietatik, 238 goi-karguk auto ofiziala erabiltzen dute, aurten gutxienez 1,5 milioi euroko gastua izan dutenak.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 12a
Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Eusko Legebiltzarrean jakinarazi ditu datuak Eusko Jaurlaritzak, VOXek eskatuta. Datuek ez dute errealitate osoa jasotzen, goi-karguenak soilik. Gutxienez 1,5 milioi euroko kostua izan dute 238 goi-karguen ibilgailuek, bakoitzak 6.396 euro inguru. Bi kostu mota aurkeztu dituzte: gastuak eta mantentzea. Lehenengo multzoan erregaiak, bidesariak, aparkalekuak eta antzekoak daude eta bigarrenean ‘renting’-a da batez ere kontuan hartu dena. Gastuek 875.000 euroko kostua eta mantentzeak 650.000 eurokoa izan dute.

El Diariok kontatu duenez, datuen arabera ibilgailuek 5.113.964 kilometro egin dituzte eta agerkariak egindako konparaketen arabera, kilometro kopuru bera egiten da munduari 125 aldiz bira ematean, 1.500 aldiz aurtengo Frantziako Tour-a egitean edo 40.000 joan-etorri egitean Gasteiztik Bilbora.

2021ean El Diariok argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak guztira 3.785 ibilgailu dituela eta 17.923.236,37 euroko  kostua dutela. Kostuaren barruan daude, beste askoren artean, erregaia, bidesariak, autoen piezak eta aldaketak, konponketak, seguruak, IATak (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) eta garbiketak.