ELA sindikatuak enpresa nagusien kontu ofizialak aztertu ditu, baita horien ikuskaritza txostenak ere. 2019ko kontu ofizialen arabera (informazioa dagoen azken urtea), EAEko 22 enpresek 1.295 milioi euroko irabaziak izan zituzten. Hala ere, enpresa horien guztien artean 98,7 milioi baino ez zituzten ordaindu Sozietateen gaineko Zergan. Hau da, 22 enpresa horien tasa erreala %7,6 baino ez zen izan. Salbuespenik gabe %25eko tasa aplikatu balitz Sozietateen gaineko Zergan, ogasunek 225 milioi euro gehiago jasoko lukete. ELAko Mixel Lakuntzaren hitzetan "Ez da batere albiste ona diru nahikorik ez biltzea osasungintzarako, zaintza sektorerako, hezkuntzarako edo enplegua sustatzeko".
ELA sindikatuak eman ditu 2019ko datu hauek guztiak. EAEko 22 enpresak Sozietateen gaineko Zergan ordaindutako tasa erreala %7,6 baino ez da izan 2019an. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak azpimarratu duenez, "enpresa handiek ez dute ia ezer ordaintzen; jasotzen dituzten 10 eurorengatik euro bakarra ordaintzen dute". Kasu bereziki deigarriak eta salagarriak daudela dio sindikatuak, hau da, Sozietateen gaineko Zergan euro bakar bat ere ordaintzen ez duten enpresak: Petronor (135 milioi euroko irabaziak dituena); Tubacex eta Bridgestone (11,5 milioikoak); Pepsico (16,5 milioikoak); eta GKN (8,3 milioikoak), besteak beste. Beste enpresa adierazgarri batzuek ere oso zerga gutxi ordaintzen dituzte beren mozkinei dagokionez. Horren adibide dira Mercedes Benz (irabazien %10,4); ITP (tasa efektiboa %4,6 da); CIE Automotive (%5,4); Aernnova (%7,6); Kutxabank (%4,6); Euskaltel (%11,1); edo Gasca (%0,3).
Lakuntzak salatu du gobernu eta patronalak eskutik helduta doazela. '`Auzolana´ bakarra Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen artekoa da, enpresa handiek zergak ez ordaintzeko egiten duten elkarlana, hain zuzen ere'. Bere hitzetan, enpresa handiak dira fiskalitatea arautzen dutenak. "Euskal lobbya dira, eta hori etikoki eta sozialeki onartezina da".
ELAk uda baino lehen premiazkoa den zerga-erreforma abiatzea exijitu du, eta horretarako bilerak eskatuko ditu Lehendakariarekin, ahaldun nagusiekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Datozen hilabeteetarako ere mobilizazioak iragarri ditu.
"Badira beste enpresa batzuk gure lurraldean jardun, mozkin-maila handia izan eta ia zergarik ordaintzen ez dutenak. Horren adibide argiak dira Iberdrola eta Inditex taldea" azaldu du ELAk.
Iberdrolak, "euskal erakundeek adibide gisa aurkeztu duten enpresak, 2019an 2.800 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen, baina 36 milioi euro baino ez zituen ordaindu Sozietateen gaineko Zergan, hau da, irabazi guztien %1,3. Zerbaiten adibidea bada, jardunbide fiskal txar baten adibidea da", salatu du ELAk.
Inditex taldeak (8 markaz osatua dagoena, tartean Zara), "10.400 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, eta ez zuen euro bakar bat ere ordaindu Sozietateen gaineko Zergan. Inditexen jabe nagusi Amancio Ortegak erakundeei egindako dohaintzak erabiltzen ditu bere irudia garbitzeko. Hobe litzateke lortutako irabaziengatik zergak ordaintzea".
ELAk eskatzen duen %25eko gutxieneko tasa efektiboa aplikatuz gero, Iberdrolak 703 milioi ordaindu beharko lituzke, Sozietateen gaineko Zergan ordaindu zituenak baino 667 gehiago. Inditex taldearen kasuan, 2.600 milioi lirateke.
"Aipamen berezia merezi dute aztertutako kooperatiba-enpresek, hauek ez dutelako ia zergarik ordaintzen. Hala, Ampok ez du euro bakar bat ere ordaintzen irabaziengatik, Danobatek ere ez (% 0,1 bakarrik), eta Irizarrek egindako ekarpena oso txikia da (% 4,9). Kooperatibek Sozietateen gaineko Zergarik ez ordaintzea onartezina da", azpimarratu du sindikatuak.