argia.eus
INPRIMATU
EAEk 5.000 lanpostu mugagabe galdu ditu 2015ean
  • 2015 urteak 42.000 langabe gutxiago utzi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, EHUk kaleraturiko lan txostenak jaso duenez. Datuok itxuraz baikorrak diren arren, txostenak itzalguneak ere adierazten ditu.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 04a
Sara de la Rica katedradunak aurkeztu zuen txostena. (Arg: EHU)

Txostenaren aurkezpenean, unibertsitateko katedradun Sara de La Ricak adierazi du oraindik asko dagoela egiteko: “Krisitik irteten gabiltza, baina oraindik bide luzea dugu egiteke”. 42.000 horietatik soilik 20.400 dira lana aurkitu dutenak. Beherakada demografikoak eta biztanleria aktiboaren zati bat ez-aktibo bilakatu izanak ere badu zeresanik kopuru horretan.

Aldi baterako lanpostuak dira nagusi.  EAEk 5.000 lanpostu mugagabe galdu ditu, aldi baterako 25.000 kontratu sinatu dituen bitartean. Txostenaren arabera, “aldi baterako kontratuak ordezkatzen ari dira kontratu mugagabeak”.  Ekonomiaren etorkizunaren inguruko zalantzak eta kontratu mugagabedun langileak kaleratzean ordaindu beharreko kalte-ordainak  dira horren eragile nagusi, egileen arabera. 

Gizonezkoen esku gelditu dira 2015ean sorturiko lanpostu gehienak. Horren aurrean, emakumearen krisi garaiko zeregina azpimarratu nahi izan zuen De la Ricak: “Asko dira krisiaren garai latzenean lan merkatuan sartu eta denborarekin lanpostua galdu duten emakumeak”.

Espainiako Estatuko datuekin alderatuta, EAE da langabezia tasa baxuena duen autonomia erkidegoa, %13 baino gutxiagokoa. Hala ere, datuek asko behar dute hobetu krisia hasi aurretiko egoera ekonomikora iristeko. Bide horretan, txostenak aditzera ematen du “EAEk lanpostuak sortu eta langabeak murrizteko norabidea hartua duela”.

EAEko Lan Txostena