argia.eus
INPRIMATU
EAEk 400.000 tona hondakin bidaltzen ditu inguruko herrietara azpiegitura faltagatik
  • EH Bilduk salatu du Jaurlaritza ez dela Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana betetzen ari. Azalpenak eskatu dizkio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburuari, argitu dezan zein den guztira EAEk esportatzen dituen hondakin kopurua eta zer neurri hartuko dituen arazoa konpontzeko.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 24a
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia, 2019. urtean // Argazkia: Wikimedia Commons

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana ez betetzea leporatu dio EH Bilduko legebiltzarkidea den Mikel Oterok Jaurlaritzari: “Hondakinen kudeaketarekin sekulako arazoa dugu, eta Jaurlaritzak soluzioa topatu gabe jarraitzen du”. Izan ere, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak jaso dituen datuen arabera, EAEk gutxienez, 387.165 tona hondakin kanpora bidaltzen ditu azpiegitura faltagatik, batez ere Kantabriako, Errioxako, Gaztela-Leongo eta Nafarroako zabortegietara.

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburuari eta leporatu dio duela lau urte Zaldibarko Zabortegiaren harira emandako erantzun eza: “Zaldibarren kudeaketa eredu bat bertan behera erori zen eta harrezkeroztik Jaurlaritzak ez du inolako soluziorik eta alternatibarik ipini”. Oterok 400.000 tona hondakin esportatu behar izatea “porrot handitzat” hartuta, Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezan zein den guztira EAEk esportatzen dituen hondakin kopuru osoa, zergatik gertatzen den hori, eta zer nolako neurriak hartuko dituen arazoa konpontzeko.