argia.eus
INPRIMATU
EAE-ko hezkuntza-sistema birplanteatzeko garaia dela berresten dugu
  • Abenduaren 14an prentsaurrekoa eman genuen Donostian Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen dugun eragileok. Bi helburu zituen prentsaurrekoak: bata, Topagunea aurkeztea,  eta bigarrena, segregazioa sortzen duen EAEko hezkuntza-sistema birplanteatu beharra dagoela adieraztea. Azken egunetan gure mezuak izan duen oihartzunaren eta interpretazioen harira, berriro diogu:

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea 2020ko abenduaren 31

1.    Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria egiten du, denona eta denontzat den eskola bakarra delako. Bere balioa azpimarratu, euskal gizarteak berarekiko duen atxikimendua handitu eta hezkuntza sistemaren ardatzean jarri nahi dugu, zerbitzu publiko bakarra den neurrian. Euskararen murgiltze ereduan oinarrituriko sistema, doakoa, laikoa, inklusiboa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua, berdintasunean eta kalitatean oinarritutakoa, jaiotzetik ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte-kohesioa bermatzen dituena hain zuzen ere.

2.    Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak EAEko hezkuntza-sistema dual (publiko-pribatu) honek gizartean dagoen segregazioa erreproduzitu eta areagotzen duela salatzen du, sare publikoan kontzentratzen direlako nagusiki egoera sozioekonomiko baxuko ikasleak zein jatorri atzerritarrekoak. Segregazio hau joera pribatizatzailearen ondorio zuzena da.

3.    Hezkuntza sistemaren pribatizazioaren aurka egin nahi dugu. Gaur egungo sistema dualaren antolakuntza eta funtzionamenduak dakarren segregazio latza eta haustura soziala gainditzeko, beharrezko planifikazio zein baliabideak aldarrikatu eta exijitu egiten dizkiogu Administrazioari.

4.    Kohesioan oinarritutako eta pertsona guztiei aukera berdinak eskainiko dizkien gizartea eraiki nahi dugunez, hezkuntza sisteman neurri eraginkorrak har daitezen eskatzen dugu. Besteak beste: publikoak ez diren ikastetxeek familiei kobratzen dizkieten kuota ekonomiko ilegalak debekatzea; ikasleen matrikula orekatua bermatzea; ikastetxe pribatuek publiko bihurtzeko marko legal iraunkorra izatea; jendarte kohesioa bermatuko duen planifikazioa egitea, eta abar. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzari interpelazio zuzena egiten diogu, bera arduradun nagusia den unetik eta eraldaketarako ahalmena duen eragile ezinbestekoa.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen dute:

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarraga, Donostialdea, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak.

EHIGE, HEIZE, GOIESKOLA,

Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, Ikasle Abertzaleak,

STEILAS, LAB, ELA, CCOO