argia.eus
INPRIMATU
EAE ixtea agindu du Jaurlaritzak eta udalerrien artean mugitzea ere mugatu du
  • Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako neurriak bideratzeko martxan jarri duen LABI batzordearen urgentziazko bileraren ondoren, astelehen arratsalde honetan Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak iragarri ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada indarrean diren neurri berriak.

2020ko urriaren 27a
Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburua neurri berriak iragartzen (argazkia: Irekia).

EAEn sartzea eta Autonomia Erkidegotik ateratzea debekatuta geratuko da, salbuespen batzuekin. Osasunarekin lotutako arrazoiak eta lanarekin lotutakoak lirateke sartu-irtenak baimenduko lituzketenak, eta halabeharrezko beste salbuespenen batzuk egiteko aukera ere izango da. Dekretua hemen irakur daiteke, eta urriaren 27 goizaldetik indarrean daude arau hauek guztiak.

Udalerrietatik irtetea ere oso mugatuta geratuko da. Autonomia Erkidegora sartzeko eta irteteko mugei bezalako salbuespenak aplikatuko zaizkie udalerriei ere: osasuna, lana eta, elkarren ondoan dauden herrien kasuan, jarduera sozioekonomikoak tarteko, mugimenduak baimendu ahal izango dira. Gainontzean, debekua berdin aplikatuko da udalerri guztietan, une honetan koronabirusaren kutsatze kopurua edozein dela ere.

Laneko joan-etorrietarako aurkeztu beharreko orria

Eusko Jaurlaritzak atera du laneko joan-etorriak adierazteko aurkeztu beharreko orria. Hementxe eskuratu daiteke.

Gehienez sei lagun elkartzeko muga eta kalean gauez ibiltzeko debekua

Itxiera-neurriez gain, azken egunetan denen ahotan egon diren beste neurri batzuk ere indarrean sartuko dira, hala nola, espazio publiko zein pribatuetan gehienez sei lagun bildu ahalko direla aurrerantzean. Gauez kalean ibiltzea ere debekatuta egongo da 23:00etatik 6:00etara bitartean.

EAEk kutsatze-datu oso kezkagarriak eman ditu azken asteetan, 100.000 biztanleko 500 kasuren langa gainditu baitu azken hamalau egunetan.