argia.eus
INPRIMATU
EAE eta Errioxa, hipoteka exekuzio gehiago izan dituzten erkidego bakarrak 2016an
  • 751 hipoteka exekuzio izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan 2016ean, aurreko urtean baino %5,6 gehiago. Etxegabetzeek behera egin dute, baina 1.147 izan dira, hiru egun bakoitzeko, Eldiario.esek zabaldu duenez.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 06a

Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia berreskuratzen ari dela ziurtatzen dute instituzioek, eta datu makroekonomikoek baieztapena berresten dute. Baina krisialdiaren aztarnak nabariak dira oraindik etxegabetzeen datuetan. Hipoteka exekuzioen kopuruak behera egin du Espainiako Estatuko erkidego guztietan, EAEn eta Errioxan izan ezik. Estatuan %29ko beherakada izan dute; EAEn, berriz, %5,6ko hazkundea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (CGPJ) datuen arabera.

Etxebizitza kontseilari Iñaki Arriolaren arabera “etxegabetzeak muturreko kasuetan egiten dira, hipoteka ordaindu ezin dutenean bainoago, ordaindu nahi ez dutenean”. Etxebizitza Departamentuak protokolo berri bat martxan jarriko du arazoari aurre egiteko. Gizarte zerbitzuen eta arlo judizialaren arteko koordinazioa hobetzea eta gaia jorratzen duten taldeekin lankidetza abiatzea bilatuko du.

Hipotekaren hiru kuota baino gehiago ordaintzen ez direnean hipoteka exekuzioa egiten da. Bankuak kredituaren osotasuna eskatzen du. Horrek etxegabetzea ekarri ohi du. Espainiako Estatu osoan 63.037 etxegabetze egin dira 2016ean, aurreko urtean baino %6,4 gutxiago.