argia.eus
INPRIMATU
EAE-ANV, bisagrak eta itxitako ateak
  • Duela gutxi Jose Luis de la Granja historialariak II. Errepublikari buruzko bere ikerlanaren berrikuspena argitaratu du honako izenburupean: Nacionalismo y II. República en el País Vasco. Estatutos de autonomía, partidos y elecciones. Historia de Acción Nacionalista Vasca: 1930-1936. EHUko katedratikoak dio ANV giltzarri izan zela Euskal Herrian Errepublikako urteetan. El País egunkariari emandako azalpenetan EAJ eta PSOE artean kokatzen du alderdi "ekintzailea", "alderdi bisagra" izan zela, alegia.

2008ko otsailaren 15

De la Granjaren ustez erakunde txikia izan zen, liberala eta ezkertiartu egin zena, laikoa, autonomista eta errepublikarra. Hori guztia egia da. Historialariaren aburuz baina Trantsizioan "beste ANV bat" jaio zen, Herri Batasunaren barruan "erradikalizatu" egin omen zena: "ANV historikotik siglak eta bandera besterik ez dira geratzen" dio De la Granjak El País-eko entrebistaren titularrean. Errepublikan EAE-ANV alderdi moderatua eta posibilista izan zela dio, bere ustez Euskadiko Ezkerraren aitzindaria, ezker abertzalearena baino. Baina jakin beharko litzateke urte haietako "moderazioa" zein ote zen.

 

Izan ere, egunkari madrildarrari ez dio esan 1934ko urriko iraultzan alderdi horrek izan zuen parte hartzea. Sozialistek sustaturiko matxinadan EAE-ANVko kide ugari atera ziren kalera gobernu eskuindarraren kontra egiteko, ordurako ezkerrera bide luzea egina baitzuen alderdiak. Iraultza biolentoa izan zen dudarik gabe, orduko sistema eta legeak gainditu zituena. Errepresioa ere itzela izan zen; eskuindarren prentsak "kriminalak" eta "biolentoak" deitu zieten greba iraultzailean parte hartu zutenei. Horrela, EAE-ANVren sedeak itxi egin zituzten, buruzagi ugari atxilotu, eta edozer ekitaldi egitea debekatu. Jakina, errepresioak alderdi sozialista eta EAJ ere harrapatu zituen, Agirre diputatua atxilotu zuten eta Indalecio Prieto buruzagi sozialistak erbestera jo behar izan zuen.

 

Eta aiba! Gaur egun irudi ia parekoa ikus dezakegu: Barakaldoko egoitza nagusiak ateak itxita ditu –herri horretan EAE-ANVk indar handia izan zuen Errepublikan–, inputazioak, atxiloketak eta debekuak... EAE-ANVko eta ezker abertzaleko gainerako kideei "terrorismoarekin" kolaboratzea egozten diete eta legediaren barruan ez daudela esanez ilegalizatu nahi dituzte. Irudi horretan salbuespen bat dago noski, lehenago barrikada-kide eta gerrako aliatu zirenek agindu dituztela neurri horiek ekintzaileen kontra. Eta orduan, De la Granjaren hitzak gogoratuz, galdera bat etortzen zaio derrigorrean bati burura: siglak eta bandera bakarrik geratzen al zaie?

 

Informazio gehiago: