argia.eus
INPRIMATU
EA alderdi gisa desagertzeko arriskua dagoela adierazi du Garaikoetxeak
  • Debako EAk joan den igandean egin zion omenaldi batean, Carlos Garaikoetxeak bere alderdiak Pello Urizarren dimisioaren ondoren abian jarritako barne-eztabaidari buruz hitz egin zuen.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 04a
Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia eta EAren sortzailea (argazkia: EITB).

1980tik 1985era EAEko lehendakari izandako politikariaren hitzak jaso dituzte Noticias taldeko egunkariek. Horien arabera, Garaikoetxea triste agertu zen EAk bizi duen egoeragatik, alderdia desagertzeko arriskua ere badagoela adieraziz, “egoera bere onera ekartzeko lema-kolpe  bat ematen ez bada”.

“Bide-orri argia” ezarri behar dela uste du Garaikoetxeak eta horretarako ezohiko kongresua egin beharko lukeela alderdiak, ez bakarrik buruzagi berriak aukeratzeko, EH Bildu koalizioa birplanteatzeko baizik, “2011ko terminoetan”.

Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba alderdien koalizio gisa sortu zen EH Bildu urte hartan, baina alderdi horietako zuzendaritzek 2017an “berezko nortasuna eta militantzia duen subjektu politikoa” izateko konpromisoa hartu zuten Iruñean egindako ekitaldi publiko batean sinatutako agirian.

Geroztik, koalizio eredu horrek eztabaida eragin du EAn. Garaikoetxearen ustez, koalizio izaera mantendu beharko luke EH Bilduk, “eta ez integrazio bat”. Lehendakariaren esanetan, “pixkanaka pausoak eman dira integrazio hori geroz eta handiagoa izan dadin”. EAk erakundeetan 2011. Urtean, 2015ean eta gaur egun dauzkan ordezkariei begiratuta ondorioztatu du hori.

Garaikoetxeak Debako agerraldia baliatu zuen duela 33 urte EA sortzeko arrazoiak eta balore fundazionalak gogora ekartzeko, baita ETAren amaieran bete duten papera azpimarratzeko ere.