La Directa hedabideak ikerketa-erreportaje batean nortasun digitalak ordezkatzen zituen trama baten berri eman du. Kataluniako ezker independentistako taldeei eta bestelako eragile sozialei bidalitako 60 e-posta faltsu baino gehiago detektatu dituzte. Guztiek zuten helburu bera: barne dokumentuak edo deialdiei, kanpainei edo hurrengo bilkurei buruzko informazioa eskuratzea. Ehiztaria harrapatu dute ordea, eta bi IP Esquadra Mossoen eta Kataluniako Generalitatearen egoitza banatatik iritsi dira.
"Arazo informatikoak izaten ari gara eta azken Kongresu Nazionaleko dokumentuak gordetzen genituen lekua petatu zaigu [...] Esan digute lagun gaitzakezuela. Bidaliko dokumentuak mesedez?". "Kaixo, nire izena Luna da, gaur egun La Forja – Jovent Revolucionari-ko bozeramaileetako bat naiz eta sareetan zuen jarduera jarraitzen ari gara eta zuekin modu diskretuan harremanetan jartzea gustatuko litzaiguke". "Arazo teknikoak konpontzen saiatzen ari gara baina oraindik ez dugu lortu. Asteburuan formazio saioa dugu eta kideek irakurtzeko aukera izan dezaten ponentziak eskuratzea gustatuko litzaiguke". "Beste eragile eta herri mugimenduekin harremanetan jartzeaz arduratzen den pertsonaren telefono zenbakia pasatzen dizuegu [...] Egoki ikusten baduzue, gehitu zuen zabalpen zerrendetan eta horrela zuen deialdien berri izango dugu".
IP horietako asko ezkutuak ziren arren, Kataluniako Generalitatearen Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Gunetik eta Esquadra Mossone Egarako Egoitza Nagusitik iritsi direla detektatu dute
Horrelako eskaerak dituzten 60 bat e-posta faltsu identifikatu dituzte Kataluniako ezker independentistako eragileek, Vilaweb hedabideak, Maizterren Sindikatuak edo La Base gisako espazio autogestionatuek. Denak dira arazo teknikoren bat konpontzeko aitzakiarekin barne dokumentuak eskatzeko mezuak. Mezu hauen atzean, baina, ez zegoen eragileetako azpi-talderik, ezta Luna Berlanga La Forjako bozeramailea ere, ezta benetan jardun militantedun inor ere. Nortasun digital guzti hauek faltsuak ziren eta La Directak publikatu du eskandalua bere 510. zenbakian Gemma Garcia eta Jesús Rodríguez kazetarien ikerketaren ostean.
Erreportajean kontatu dute informazioa biltzen ari zirela, baina susmoak piztu zituztela La Forjako kideen artean. Horregatik, eskatzen zizkieten dokumentuak e-postaz bidali beharrean, sarean zintzilikatu zituzten, eta horri esker eskuratu zituzten dokumentu horietara sartzen ziren ordenagailuen IP helbideak (sarera konektatutako gailu baten "matrikula" digitala). IP horietako asko ezkutuak ziren arren, Kataluniako Generalitatearen Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Gunetik eta Esquadra Mossoen Egarako Egoitza Nagusitik konektatu direla detektatu dute.
E-posta helbide faltsu gehienak ezker independentistako eragileen izenean bidalitakoak izan arren, detektatu dituzte Vilaweb hedabidearen, Maizterren Sindikatuaren edo La Base ateneoaren izenean bidalitakoak ere. Informazioak eskandalua eragin du eta La Forjak prentsaurrekoa eman du Generalitatearen Barne Sailaren egoitzaren aurrean, azalpenak eta depurazioak eskatuz.