argia.eus
INPRIMATU
DYAko boluntarioak Nafarroako Suhiltzaileei batu zaizkie desinfekzio lanetan
  • DYA gobernuz kanpoko erakundea dabil martxoaren 25etik desinfekzio lanak egiten suhiltzaileekin batera Nafarroako Ospitalearen Larrialdien atzealdean; lau anbulantzia garbitzeko lekua dago bertan. “Ez da kontzertu baten segurtasuna bermatzen egotea bezain atsegina edo segurua; baina laguntzeko gaude, eta egin dezakegun bitartean ez gara etxean geratuko”, María Eito, Iñigo Aceituno, Damián Castro eta Elisa Rekalde boluntarioen hitzetan. Mikel Urabaien Otamendiren argazki erreportajeak argira ekarri du boluntarioen lana.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2020ko apirilaren 04a

1977an errepide istripuen aurrean osasun babesa emateko DYA gobernuz kanpoko erakundea jaio zen. 43 urte hauetan zehar, beharrizanen arabera haien laguntza egoera ezberdinetara moldatu dute elkarteko kideek. Arrunta da entzierro, futbol partida edota festetan jendetzaren artean horiz jantzitako boluntarioak aurkitzea, eta baita haien kolore bereizgarri horrekin margotutako anbulantziak ikustea ere. Aldiz, COVID-19aren krisi honetan ez dira atzean geratu: martxoaren 25etik desinfekzio lanak egiten dabiltza suhiltzaileekin batera Nafarroako Ospitalearen Larrialdien atzealdean. Han, DYAk lau laguneko bi txanda antolatzen ditu egunero eta kutsadura ekiditeko traje berezi bakarra daukate erabilgarri.

Mikel Urabaien Otamendiren argazki erreportajeak argira ekarri du boluntarioen lana.

Lau anbulantzia garbitzeko lekua dago bertan. Kutsadura maila posiblearen arabera, ozonoz edo lixiba soilez desinfektatzen dituzte. DYAk egunero 20 litro ur behar izaten ditu garbiketarako. Furgonetak karpa ondora iristean, hustu eta ordu erdiz ozonoz lainoztatzen dute barnealdea, bitartean esku-oheak bi metodoak erabiliz garbitzen dituztelarik.

Gero, osasun-langilek kutsatutako arropa kendu, eta boluntarioek desinfekzio gunean sailkatzen dute: berrerabilgarria, 72 orduko berrogeialdian egon behar duena; eta erabilera bakarrekoa. Ez dago jantzi askirik eta kontu handiz zein elkarri hura maneiatzen laguntzeaz gain, zerbait apurtzekotan, ahal duten moduan konpondu behar dute; adibidez, zinta isolatzaile baten bidez.

"Laguntzeko gaude"

Oraingoan ez dago ekitaldi masiborik, ezta errepide istripu gehiegirik, suteen garrantziak ere eten bat egin duen modu berean. Gainera, beraiek ere arriskuan daude. Baina koronabirusaren krisiari ez diote bizkarra eman boluntarioek, eta moldatu egin dira beste behin, eskuragarri dituzten tresnak kaxkarrak badira ere: “Ez da kontzertu baten segurtasuna bermatzen egotea bezain atsegina edo segurua; baina laguntzeko gaude, eta egin dezakegun bitartean ez gara etxean geratuko”, ziurtatu dute María Eito, Iñigo Aceituno, Damián Castro eta Elisa Rekalde boluntarioak.