argia.eus
INPRIMATU
Dut taldeari buruzko liburua argitaratuko du Banizu Nizukek
  • Azaroaren 15etik aurrera salgai egongo da Hondarribiko Dut musika taldeari buruzko liburua. Pablo Salgado Méndez da liburuaren egilea eta Banizu Nizuke argitaletxeak publikatuko du.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko azaroaren 06a
Xabi Strubell, Galder Izagirre eta Joseba Ponce izan ziren Dut taldeko kideak bigarren diskotik aurrera (argazkia: Badok).

Aspaldian Euskal Herriko musikazaleen artean zebilen zurrumurrua konfirmatu da: Dut taldeari buruzko liburu bat argitaratuko du Banizu Nizukek azaroaren erdialdean. 1990eko hamarkadan Hondarribitik Euskal Herri osora post-hardcore doinu zaratatsuak zabaltzen lagundu zuen kultuzko taldeari buruz argitaratuko den mota honetako lehenbiziko liburua izango da.

Bi hizkuntzatan kaleratuko da: Pablo Salgado Méndezek idatzi du jatorrizko gaztelaniazkoa eta Duteko kide izandako Xabi Strubellek itzuli du euskarara, ondoren Aritz Galarragak editatu duen testua. Beste laguntzaile batzuk ere izan ditu proiektuak, hala nola hitzaurrea idatzi duen Gorka Erostarbe edo taldearen argazkiak ekarri dituen Gari Garaialde.

Argitaletxeak aurreratu duenaren arabera, publikazio mardula izango da, 248 orrialdekoa, taldearen inguruko material ugari jasoko duena –izan ere, Banizu Nizuke liburu artistikoetan espezializatutako argitaletxea da, bere ohiz kanpoko argitalpenengatik oso preziatua–. Liburua dagoeneko eska daiteke aurresalmentan, editorialaren webgunearen bidez.