argia.eus
INPRIMATU
Barrosoren aurkako kontzentrazioa deitu dute ostegunean Donostian
  • “Ez dugu behar gerra kriminal gisa epaituak izan behar luketenen leziorik”. Durao Barrosoren aurkako protesta deitu dute ostegunean Donostian San Telmo Museoaren kanpoan 19:00etan. Hitzaldia ematera doa Europako Batzordeko presidente izandakoa.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko ekainaren 17a
Durao Barrosoren aurkako deialdia egin dute ostegunean.

Astelehenean Egia auzoan egindako batzarraren ostean bidalitako oharrean diotenez, “Barroso gure hirira etortzea eta erreferente politikotzat hartzea tamalgarritzat jotzen dugu”. Donostia 2016 eta Globernance institutuaren eskutik, "Europarentzako narratiba berri bat" hitzaldia eskainiko du gaztelaniaz 19:00etan hasita.

“Gerra kriminalak, lapurrak eta hondamendi sozialaren errudunak ez dira ongi etorriak Donostian. Eskatu nahi dugu ez bilakatzeko euren konplize; bera eta bere gisakoak ez ditzatela gonbidatu gure hirira. Ozen oihukatzen dugu 'Durao Barroso Donostiatik kanpora!' Eta adierazten dugu herritarron eta herrien etsaiek parez pare izango gaituztela beti, gure eskubideei erasorik onartzen ez dugulako”.

Azoreetako Gailurrean Aznar, Blair eta Bushekin Irakeko bonbardaketei hasiera eman ziotela gogoratzen dute, NBEren irizpideen aurka. “Emandako zerbitzuengatik sari gisa jaso zuen Europako Batzordeko lehendakaritza eta bertatik herritarrok zapaltzen igaro ditu hamar urte”.

“Finantza iruzurrak eta eskubide sozialen aurkako neurriak inoiz ez bezala aplikatu dituzte epe honetan; austeritatearen izenean murrizketa eta pobretze neurriak era basatian bultzatu dituzte, milioika herritarren bizi baldintza duinen gainetik pasatuz”.

Politika sozialak eta aberastasunaren banaketa murriztuz "kapitalismoaren ametsetako Europar Batzordea" izan da Duraorena beren ustez. "Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsarekin batera Troika famatua osatu dute herritarrok estutuz eta arnasa hartzea eragotziz estrategia bateratua jarraitu dutenak. Etxegabetzeak, elikadura arazoak, oinarrizko hezkuntza eta osasunaren galera eta antzekoak dira politika horien ondorioak; baita kapitalista handien irabazien biderkatzea eta merkatuen liberalizazioa ere. Herrien eta herritarren burujabetzari eragindako atzerapausoa ikaragarria da".

Durao Barroso (argazkian ezkerrean) George Bush, Tony Blair eta Jose Maria Aznarrekin batera Azore uharteetan.