argia.eus
INPRIMATU
Durangon astebururako deitutako aldarrikapen ekimen nagusiak
  • Hainbat eragilek astebururako deialdiak egin dituzte Euskal Liburu eta Diskaren Azokaren testuinguruan. Hortaz, aldarrikapen gune bilakatuko da Durango datozen egunotan.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 05

Abenduaren 6an, ostiralean, Independentistak sareak “martxa berdea” antolatu du 17:00etan Landako gunetik abiatuta. "Nahi dugulako, beharrezkoa dugulako, guk ere Bai Independentziari” lemapean egingo da martxa.

 

 

Abenduaren 7an, larunbatarekin, Tantaz tanta, Olatua! herri mobilizazioa deitu du Olatua ekimenak. Iniziatiba hori Tantaz Tanta dinamikaren baitan sortu dute Durangoko hainbat lagunek.

15:30ean egin dute hitzordua Landakon eta bertatik abiatuko da kalejira Alde Zaharreraino, bertan “olatua” garatzeko.  Euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan bultzada berri bat ematea da egitasmoaren xedea. Tantaz tanta, konponbiderako konpromisoa hartzeko eskatu diote euskal jendarteari.

 

 

Abenduaren 8an, igandean, Libre dinamikaren baitan desobedientziarako deia egin dute ezkutuan diren lau gazte independentistei babesa emateko. Segiko kide izatea egotzita Auzitegi Gorenera deklaratzera joateari uko egin ostean bi hilabete egin dituzte ezkutuan gazteek eta igandean Durangon agertuko dira maskarak jantzita. Herritarrei mozorrotuta joateko eskatu diete eta askegunea.com webgunean zintzilikatu dute mozorroa egiteko txantiloia.