Elena Montero ingurumen sailburuordea Durangon egon da gaur, airearen kalitatearen inguruan azken hiru hiletan egindako ikerketaren berri emateko. Fumbarri enpresak partikula kutsakorrak isuri dituela eta gainerako estazioekin alderatuz kutsadura indize altuagoa eman dela onartu arren, legezko mugak ez direla gainditu esan du sailburuordeak. Gainera, Durangoko airea urteko egunen %99tan ona dela nabarmendu du. Balorazioa egin du, baina ez du neurketen datu zehatzik eman.
Jaurlaritzak unitate mugikor bat ipini du San Roken, eta euren "sorpresarako", Fumbarritik osagai organiko aldakorrak atera direla egiaztatu ahal izan dute, Morenok prentsaurrekoan aitortu duenez. Guztiz zehazteko, enpresako tximinian bertan egin dituzte frogak. Antza denez, fundizioan erabilitako produktu batek eragin du, eta soluzioa hori ordezkatzea izango da. Enpresaren elkarlana eskertu du Morenok, eta araudian ezarritakoaren aurka egin ez omen duenez, ez du espedienterik edukiko.
Smurfiti espedientea
Iurretako Smurfit enpresari, ostera, espedientea zabaldu diote, galdara baten iragazki baten akatsa eduki duelako. Enpresak berak eman zuen abisu irailaren 7an, eta Morenok azaldu du arazoa onbidean doala eta enpresaren elkarlana eskertu du. Otsailerako beste makina batek ordezkatuta konponduko dute. Kasu honetan, usainekin lotutako neurriak dira; Morenoren esanetan, usain txarrak ez du zertan loturarik eduki aire kalitate txarragaz. Udan egondako hatsa ikertzen ere ibili direla kontatu du, baina ezin izan dutela iturria detektatu.
Rios, berba eske
Prentsaurrekoa amaitzean, Julian Rios (Herriaren Eskubidea) zinegotziak berba eskatu du, galderak egin gura zituelako. Baina, Aitziber Irigoras alkateak argitu dio prentsaurrekoa dela eta ez zaiola txanda tokatzen. Neurgailuetan egun batzuetan egondako datu hutsuneen inguruan galdetu gura zuen Riosek, gero prentsari esan dionez.
Moreno sailburuordeak bere hitzartzean azaldu du datu guztiak eskura daudela Jaurlaritzaren webgunean, eta gertaera zehatz batetik "lotsagarria" iruditzen zaion eztabaida politikoa eragin gura izatea egotzi dio oposizioari.
Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra