Erabaki honen aurrean Durangoko Udalak helegitea aurkezteko asmoa du, gaur bertan. Durango 1936 elkarteak azaldu duenez, "epaileak agertutako argudioak hitz teknikoz ondo apaindutako aitzakia-bilduma da eta benetako arrazoiak salaketa artxibatzeko beste batzuk dira, durangar guztiok zein diren ederto dakizkigunak".
Durango 1936 kultur elkarteak azaldu duenez, auzia artxibatzeko epaileak emandako argudioak "oso ahulak" dira. Gerediaga elkarteak bonbardaketaren egileen inguruan egindako azterketak ez duela modu fidagarrian egileen identitatea argitzen azaldu du epaileak bere sententzian. "Pilotu eta abiadoreen zerrenda aurkeztu zen auzi-jartzean, izen-abizenekin. Nondik aterata? Hegazkinetako egunerokoetatik, non bonbardeoak egin zituztela idatzita dagoen. Kasuren batean bonbardeoaren beraren argazkiak ere atera zituzten, gainera", azpimarratu dute elkarteko kideek.
Atzo, Bartzelonan Inpunitate Frankistaren aurkako hirien topaketan parte hartu du Durangoko Udalak. Aitziber Irigoras alkateak bertan aurreratu zuen urtarrilaren 11n Durangoko epaitegiak emandako epaia.
Artikulu hau Antobok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.