argia.eus
INPRIMATU
Durangoko bonbardaketan parte hartu zuten 44 militar italiarren izenak topatu dituzte
  • Gerediaga elkarteko Jon Irazabal Madrilgo eta Erromako artxibo militarretan aritu da ikertzen, eta bere ondorioetan oinarrituta, Durangoko Udalak kereila aurkeztuko du. Gaur 80 urte bete dira Durango eta Elorrio bonbardatu zituztenetik.

Anboto @anboto 2017ko martxoaren 31
Irazabal, Erromako artxibo militarrean.

Hainbat datu batu ahal izan ditu Irazabalek, eta aipagarriena 44 militarren izenak identifikatu izana. Orain arte moteen bitartez identifikatuak agertu izan dira militarrak, baina orain benetako izenekin bateratu ahal izan dituzte. Horrela, bonbardaketan parte hartu zutenen %95 identifikatuta daudela uste du Irazabalek. Hori bai; ez dakite zenbat geratzen diren bizirik. Bartzelonako kereilaren kasuan, bi topatu dituzte hil barik.

Aitziber Irigoras alkateak azaldu du Irazabalen txostena jaso eta abokatuekin lantzen hasiko direla. "Lehen urratsa aurkeztea eta tramitera onartua izatea" da bere esanetan. Tramitera onartuz gero, militarrei egindakoaz aparte beste salaketa aukerarik badagoen aztertuko dute; gobernuek ardura subsidiarioa eduki dezateke.

Irazabalek gehitu du "argi eta garbi" dagoela bonbardaketa populazio zibilaren aurkakoa izan zela. Horretarako, planifikazioan kolpistek militar alemaniarren laguntza eduki zutela frogatu du. Horrez aparte,  topatutako domuentuetan Helburu guztiak bete dira esaldia topatu du, besteak beste. Helburuak, eraikinetan bonbek eragiten zituzten kalteak neurtzea, populazioa eta gudariak uzkurtzea eta nazioarteko komunitate politikoari Hitler zertarako kapaz zen erakustea izan ziren.

80 urte bete dira martxoaren 31an italiar faxistek Mola jeneralaren aginduz Durango eta Elorrio bonbardatu zituztenetik. Bonbekin eta tiroekin 336 pertsona hil zituzten, eta herriko hainbat eraikin suntsitu ere bai, bideo honetan islatzen den moduan. Zerutik sua zetorren, izua zabaldu zen Durango eta inguruetan.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.