argia.eus
INPRIMATU
Durangoko bonbardaketa simulatu eta 1937ko biktimak omendu dituzte
  • 1937ko martxoaren 31n faxistek Durango bonbardatu zutela 85. urteurrenean, egun hartan gertatutakoa birtualki simulatu du Durangoko Udalak. Ostegun arratsaldean omenaldia egin diete bonbardaketan hil eta hobi komunetan ehortzi zituzten 84 pertsonari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko apirilaren 01a
Durangoko bonbardaketaren simulazioa, gaur egungo herrian.

Durangoko Udalak duela 85 urte herria bonben azpian nola jazarri zuten irudikatzen duen simulazio birtuala paratu du bere webgunean. Hegazkinak ageri dira urrunetik hurbiltzen eta egungo Durangon jaurtitzen dituzte bonbak.

Nolabait, orduko sufrimendua eta sarraskia nolakoa izan zen gogorarazteko modua da hori. Webgunean, suntsitutako toki esanguratsuenen berri ematen da eta 1936ko Gerraren nondik norakoak ere azaltzen dira.

Urtero bezala, Durangon bonbardaketa gogorarazi zuten martxoaren 31n herritar zein erakundeek. Gerediaga Elkarteak bonbardaketari buruzko Jon Irazabalen liburua plazaratu du, azken hogei urteetan gertakizun haiei buruzko ikerketetan izandako aurrerapenak biltzen dituena.

Durangoko alkate Ima Garrastatxuk eta Julian Rios alkateordeak ostegun goizean piztu zuten bonbardaketa gogoratzen duen sugarra, eta ohi bezala, kanpai eta sirena hotsak entzun ziren, 1937an bezala. Ekitaldi nagusia arratsaldean izan zen, Andra Mariko elizpean –bonbek guztiz txikitua geratu zen eraikina eta makina bat lagun hil zen bertan–.

51 biktima identifikaturik

Aurten Durangoko bonbardaketan hil eta hobi komunetan ehortzitako biktimak omendu nahi izan dituzte. Gerdiagak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak ikerketa abiatu zuten 84 biktima horiek identifikatzeko eta denera 51 lagunen izenak bildu eta 31ren senitartekoekin harremanetan jarri ahal izan dira.

Aranzadik hobian indusketak egin ditu udalaren aginduz, baina ez dute arrastorik topatu, seguruenik aurretik egindako esku hartzeetan beste panteoietara edo hezurtegira eraman zirelako gorputzak. Nolanahi ere, haien oinordekoek jaso dute ostegun honetan euren senideentzako aitortza hori.

Faxismoaren inguruko hausnarketa

Durangoko bonbardaketaren harira Ernai gazte antolakundeak hainbat ekitaldi antolatu ditu asteburuan. Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasita Faxismoa 2022. urtean berbaldia izango da Iñigo Etxazarreta, Iratxe Delgado eta Andoni Olariagaren eskutik.

Horren ondoren mobilizazioa antolatu dute Andra Mari elizatik abiatuta, eta egunaren amaieran kontzertuak izango dira.