argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azokaren lehen momentutik bisitari asko erakarri ditu Landako guneak
  • Indartsu hasi da Durangoko Azokaren 52. edizioa. Landako guneak ateak irekita, ez da denbora asko behar izan pasillo guztiak jendez betetzeko.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 06a
Lehen momentutik jende ugari dabil Durangoko Azokako pasilloetan barrena.

10:30ean zabaldu dituzte Landakoko ateak eta pixka bat geroago egin dute sarrera-ekitaldi ofiziala, Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteko ordezkariekin eta erakunde publikoetako agintariekin.

400 nobedade eta 200 kultur ekitaldi inguru antolatu dituzte Azokaren inguruan lehenbiziko egun honetan.

Besteak beste, ikus-entzunezko emanaldi berezi baten lekuko izango da Durangoko Azoka lehen egunean: aurtengo kartela egin duen Jose Antonio Sistiagaren Impresiones en la alta atmósfera ikusi ahal izango da Irudienean. Film horretako irudi batetik abiatu da artista 52. Azokako kartela osatzeko eta ezohiko proiekzio horrek ginda jarriko dio aurtengo afixari.

Ez da abenduaren 6ko zita bakarra izango, noski: ikus-entzunezkoetatik atera gabe, Franck Dolosorrek Estitxu musikariari buruz egin duen dokumentala ikusteko aukera ere izango da; baita Irati Gorostidik eta Arantza Santestebanek zuzendutako Euritan film laburra ere, zeina aurtengo Kimuak katalogoan hautatua izan den, zeresan franko emanez.

Liburuei dagokienez, Silvia Federiciren Caliban eta sorgina-ren aurkezpena nabarmentzen da lehenbiziko egunean, bibliografia feministan leku garrantzitsua daukan saiakera baita eta aurreneko aldiz irakurri ahal izango da euskaraz.

Diskoetan, izen handi bat estreinaldirako: Rafa Ruedak bakarkako bosgarren lana, Hiri kristalezkoa aurkeztuko du zuzenean Ahotsenean. Egun berean promesa gazte batzuk ikusteko parada ere izango da, hala nola Perlata talde arrasatearra, agertoki gainean duen jarrera freskoagatik dagoeneko ezagun egiten hasi dena.

Programa osoa Durangoko Azokaren webgunean kontsultatu daiteke.

Bestelako berrikuntzak ere badira, hala nola, aurten ez dela Argizaiola saririk banatuko. Durangoko Azokak urtero euskal kulturan ibilbide nabarmena egin duen norbaiti ematen zion sariaren ordez, aurrerantzean sormen beka bat emango dute, aurtengo lemak (“Sormenaren lurraldea DA”) islatzen duen espirituarekin bat eginez.