Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azoka. Koronabirusa elkarri kutsatzea eragozteko neurriek markatuko dute aurtengo edizioa, beharbada Azokak inoiz ezagutu duen bereziena. Kulturgintzan bizi den larrialdi egoerak markatuko du, baina antolatzaileek baikortasunari eutsi nahi diote.
2020ko Durangoko Azoka egin egingo da: hori da astelehen honetan Gerediaga Elkarteko kideek eman duten prentsaurrekotik atera daitekeen albiste nagusia. Hori bai, nola egingo den oraindik guztiz zehazteke dago, Nerea Mujika Gerediagako presidenteak eta Arantza Atutxa kudeatzaileak aurreratu dutenez, gauza asko aldatu beharko baitira COVID-19aren pandemiak eragin duen egoeragatik.
Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 55. edizioa eta fisikoki Landako gunean antolatuko denarekin paraleloan, “azoka birtuala” ere egingo da. Azaldu dutenez, “egoera berri honetan jarraitu beharreko osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, protokolo berezia lantzen eta diseinatzen dabil” Gerediaga elkartea, Durangoko Azoka osatzen duten ekosistemako gainontzeko eragileekin bilduz eta guztien ekarpenak jasoz.
Programazioa murriztuta eta sarean ere azoka
Egitarauan eragin zuzena izango du koronabirusaren aurkako neurrietara egokitu beharrak. Zuzeneko emanaldi, aurkezpen eta ekitaldi gutxiago, ikusle kopuruak murriztuta eta espazioen edukierak kontrolatuta: beste leku askotan ere ohikoa bihurtzen ari dena ikusi beharko da aurten euskal kulturaren plaza nagusian. Programazioan izango den galera hori konpentsatzeko, streaming emanaldiak izango dira Durangoko Azokaren webgunean.
Beste mota bateko galerek ere kezka sortu dute: Landakon jende askoz gutxiago ibili ahalko dela kontuan izanda, salmentak jaitsiko direla aurreikustea ez da zaila. Zenbait argitaletxe eta kultur ekimenentzat urteko fakturazioaren zati inportantea galtzea esan nahi luke horrek. Kolpe hori biguntzea ere bilatuko du Gerediagak: Durangoko Azokaren webgunea online erosketak egiteko lekua ere bihurtuko da abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Mezu baikorra
Konfinamenduan kulturak bete duen zeregina azpimarratu du Mujikak asteleheneko agerraldian. Bere esanetan, “salbatu egin” gaitu etxetik atera ezinda egon garen denboran. Sektore kaltetuenetarikoa da kulturarena eta, aldi berean, martxotik aurrera bizi izandakoak balio izan du ohartzeko “zeinen beharrezko ditugun” kulturgintzan dihardutenak.
Hori guztia kontuan izanda, eta egoera xamurra ez den arren, mezu baikorra plazaratu nahi du Durangoko Azokak. Hortik aurtengo leloa: “TaupaDA!” izango da 55. edizioari lagunduko dion eslogana.