argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azoka aurrez aurre bisitatzeko erreserba egitea ezinbestekoa izango da
  • Landako Gunean egunero ordu eta erdiko bost txanda egongo dira, eta Plateruenako kontzertuetan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo. Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara moldatu dute azoka.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 23a
Guztira 220 erakusmahai egongo dira Landako Gunean.

Aurtengo Durangoko Azoka presentziala eta streaming bidezkoa izango da, baina aurrez izena eman beharko dute Landako Gunera zein Ahotseneara joan nahi dutenek. Laster jarriko dute martxan erreserba sistema durangokoazoka.eus webgunean. Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak adierazi dute azokaren lehentasuna izango dela “kulturzale guztien segurtasuna bermatzea”. Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko gogortutako neurrien arabera moldatuko dute Durangoko Azoka.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Landako Guneko erakusmahaiak bisitatzeko bost txanda egongo dira egunero, 10:00etatik 20:00etara bitartean. Ordu eta erdiko txanda bakoitzean 1.200 lagun sartu ahalko dira. Guztira 220 stand edo postu egongo dira, horien artean ARGIArena. Plateruenan emango dituzten Ahotseneako kontzertuetan ere aforoa kontrolatuko dute aurretiko erreserben bidez. Gainera, ez da ostalaritza zerbitzurik egongo; ezingo da jan eta edan bi guneetan, eta uneoro maskararen erabilera egokia “derrigorrezkoa” izango dela ohartarazi dute.

Kulturzaleak Landako Gunerako hitzorduak hartzera animatu dituzte, iragarri duten txanda-sistemak ematen duen “segurtasuna bermatuz”. Halaber, bisitariei arduraz jokatzeko eskatu diete: “Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa”. Nabarmendu dute kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea “gauza bera” direla.

Azoka digitala abenduaren 3an irekiko dute eta 7an itxi. Durangon bertan abenduaren 4tik 8ra arte egongo dira, eta ekitaldiak online jarraitzeko aukera egongo da.