Durangoko Azoka aurkeztu du Gerediaga Elkarteak, eta Christine Etchevers baionarra izango da aurtengo edizioko irudiaren egilea. Aurrekontuari dagokionez, iaz baino 80.000 euro gutxiago dituztela azaldu dute antolatzaileek.
Abenduaren 2tik 6ra bitartean ospatuko da Durangoko Azoka. Antolatzaileek ezagutzera eman dutenez, Bizitzekoa da! izango da aurtengo lelo nagusia, 51. edizioa izango den honetan. Izan ere, Durangoko Azokak euskal kulturari “bizitza ematen” diola adierazi du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendariak.
Aurtengo edizioko irudiaren egilea izango da Christine Etchevers margolari baionarra. Azokako kartela egiten duen Ipar Euskal herriko lehenengo artista da Etchevers, eta bere marrazkian Durangok transmititzen dion “berotasun eta pasioa” irudikatzen saiatu dela azaldu du.
Horrez gain, 51. ediziorako aurrekontua 670.000 eurokoa izango dela adierazi dute antolatzaileek, iazkoa baino %10 gutxiago, ekarpen pribatua jaitsi egin delako. Instituzio, elkarte eta kolaboratzaileen lana eskertu du Mujikak, eta gaineratu du “horiei esker” lortu dutela “kulturaren plaza” antolatzen jarraitzea.