argia.eus
INPRIMATU
Durango eta Kobane senidetzea ospatuko dute 25ean
  • Martxoaren 25ean Durango eta Kurdistango Kobane hiria senidetzea ospatuko dute, Plateruenean egingo den jaialdi bategaz. Izan ere, egun bat lehenago, barikuan, egingo dute senidetzeko ekitaldi ofiziala udaletxean. Kobanez gainera, Bartzelona ere senide lez hartuko du Durangok; hirurak bonbardatutako hiriak dira. Kurdistango ordezkari bat eta Jaume Asens Bartzelonako alkateordea etorriko dira.

Anboto @anboto 2017ko martxoaren 22a
Kobane hiri kurdua Durangogaz senidetzeko lehen pausoa eman zuten ekainean.

Bonbardatuak ere badiren Elorrio, Otxandio eta Gernikako herriek babesa erakutsi diote ekimenari. Estaturik bako munduko herri handiena da Kurdistan, Turkia, Siria, Iran eta Iraken baitan zatitu zutena. Azkenaldian, Estatu Islamikoari (EI) aurre egitearren sona hartu dute, eta Siriako partean dagoen Kobaneko erresistentzia da adibide. Borrokaren eraginez, EIk hiria suntsitu zuen.

Durangaldeko lagun talde bi Kurdistanen egon ziren iaz, eta hortik dator senidetzearen ideia. Rojavan dago hiria, Siriako partean. Mikel Gandarias, Adrian Zelaia eta Jon Bingen Landabidea durangarrak bertan egon ziren, Markel Brouard bilbotarragaz batera.

Michel Allison Kurdistango kongresuko emakumeen ordezkaria izan zen uztailean Durangon. Allisonek eskerrak eman zituen egindako "harrera beroagatik". Azken 12 hileetako gatazkan, 7.000 lagun hil direla kontatu zuen, gehienak kurduak. Frankisten bonbardaketekin alderatu zuen: "Hemen orain 80 urte gertatu zena gertatzen dabil orain Kurdistanen". Elkartasun mezu horri heldu zion Aitziber Irigoras alkate durangarrak: "Zuen samina gertukoa da guretzat". Kobane berreraikitzen laguntzeko eta hango egoeraz informatzeko konpromisoa hartu zuen. Bestalde, euskal preso gaixoak askatzea eskatu zuen Allisonek: "Europako estatu demokratiko batetik espero daitekeena da Gorka Fraile bezalako preso gaixoak askatzea. Arazo politikoa humanoa ere bihurtzen da".

Martxoaren 25ean, 18:00etan hasita, Kurdistango kultura eta gastronomia ezagutzeko aukera egongo da.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.