argia.eus
INPRIMATU
Duranatik Palestinara

Cira Crespo 2023ko azaroaren 13a
Argazkia: Designed by Human, CC BY-NC-SA 2.0

Arabara bizitzera etorri nintzenean, gehien harritu ninduten gauzetako bat, dudarik gabe, udalerrien antolaketa izan zen. Herririk izendatzen ez duten udalerrien izenak, udalerririk izendatzen ez duten herriak, hiriburuak, kuadrillak, herritxoak, eta abar. Gasteiz inguruan ere badira herri txikiak, batzuk oso gertu, oinez joateko moduan, bere elizatxoekin, hirigune txikiarekin, lur landatuekin... Batzuk Gasteizko auzoak dira, beste batzuk, ia-ia. Durana, adibidez, ia-ia Gasteizko auzoa da, baina herri bat ere bada.

Pasa den astean joan ginen hara, alabak eta ni, laurok. Bere bizitzako lehen saskibaloi-partidua jokatzekotan zen gure bigarrena. Gidatzen ez dudanez, horrelako txangotxoek askorako ematen dute. Duranara iritsi, kotxez iritsi ginen, hala ere. Polikiroldegi parean utzi gintuzten. Umea urduri zegoen. Eraikin berria zen, modernoa eta ederra, handik, kristalera handi batzuetatik udazkeneko Arabako lurrak ikusten ziren. Hegazti harrapari guztiek badakiten bezala, ni ere konturatzen naiz landa horiek ikusgarriak direla.

Partida bukatu zenean, aurpegi izerditu eta alaia zekarren alabarekin eta beste biekin batera, etxera itzultzeko autobus bila joan ginen. Hasieran zeharkatu genituen kaleek urbanizazio itxura zeukaten. "Zein dira urbanizazioen eta herrien arteko aldea?" galdetu zidaten alabek. Ez nuen erantzuten oso ondo asmatu. Orain, pentsatzen jarrita, agian, historia da ezberdintasun nagusia. Herri baten atzean historia sumatzen duzu. Eraikinen zimenduetan beste garai bateko sustraiak usaintzen dira. Urbanizazio batean, aldiz, oinarri historikorik gabeko eraikuntzak daude, loturarik gabeko lorategiak, familia-isolamenduaren eredu kapitalistan sakontzen duen egitura itsusiz osatuta.

Konturatu nintzen neska gazte, berritsu eta jator hark, motxilatxoan zapi palestinarra zintzilika zeramala

Hala ere, autobus geltokira hurbiltzen ari ginela, beste etxe mota batzuk hasi ginen ikusten, herriko etxeak. "Hauek politagoak dira" esan nuen, "zaharragoak" erantzun zidaten umeek. Muino batean herriko eliza ere ikusten zen. XII. mende inguruan eraiki zuten. Portada Arabako erromanikoko adibide ederrenetako bat omen da. Besteak beste, eskerreko kapiteletan bi aurpegi ikusten dira, emakumea eta gizona, Erdi Aroko apaingarriekin. Adituek dioten bezala, eliza egitearen kargu hartu zutenak izango ziren, seguru asko. Han daude, oraindik, bere leinua aldarrikatzen, guri begira.

Senar-emazteen aldamenetik pasa zen gure espedizio txikia. Handik zebilen beste emakume bat ere, bere erosketa-karrotxoekin. Gurekin joan zen autobus geltokiraino. Handik bertara, Zadorra ibaia, bere zubiarekin. Orain errepide asfaltatua pasatzen da zubiaren gainetik, baina zenbat denbora darama zubi horrek han? Zenbat jende pasa ote da zubi horretatik? Gizon bat baino gehiago, abereak, giza-taldeak, gu bezalakoa emakume taldeak, eta noski, lurralde guztietan gertatu bezala, hainbat gudaroste ere. Adibidez, 1521ean Gaztelako komuneroen gerrak Duranaraino iritsi ziren, antza. Apirilaren 19an, hain justu zubi hartan bi gudaroste aritu omen ziren borrokan, milaka eta milaka borrokalari elkarren kontra. Eta, jakina, hildakoak izan ziren, eta han geldituko ziren gorpuak botata, eta akaso putreak hegan ibiliko ziren, eta han bukatuko ziren hainbat istorio.

Zubiaren ondoan gure autobus geltoki xumea dago. Egurrezkoa da eta pistarik ez da zein autobus pasa behar den, edo zein ordutan. Gure lagun berriak, karrotxoko emakumeak, kartelak beti erortzen direla kontatu zigun. Zain geundela, beste neska bat etorri zen, gaztea, irribarretsua, ez oso altua, azal beltzarana, eta ile kizkurra. Eseri zen, baina berehala altxatu zen, eta berokia jantzi zuen. Haizea zebilenez, eguzki-printza bila zabilen. "Uau! Hotza egiten du gaur!" esan zuen. "Bai", erantzun zion karrotxodun emakumeak. Garraio publikoaren geltokietan, emakumeak eta gazteak maiz ikusten direla pentsatu nuen. Geroago, udazken-airea nabaritzen hasi zen goiz hartan, konturatu nintzen neska gazte, berritsu eta jator hark, motxilatxoan zapi palestinarra zintzilika zeramala. Horrekin batera jakin nuen, arratsalde hartan, Bilbon egin behar zen manifestaziorako bidea hartzen ari zela. Bidea luzea izango zela; lehenengo Durana herri txiki hartatik gurekin batera hartuko zuen autobusa, gero bataila zahar hura gertatu zen zubia zeharkatuko zuen, Gasteizera iritsi, autobus geltoki berri eta handira joan....eta Bilborako beste autobusa hartu. Baina bidea luzea izan arren, egin beharreko zerbait zela iruditu zitzaion, hala ere.