argia.eus
INPRIMATU
Duintasunaren aldeko VIII. martxa babesteko elkarretaratzea eginen dute larunbatean, Iruñean
  • Ceutako Tarajal hondartzan (Espainia) hamabost pertsona itsasoan itota hil zirela zazpi urte beteko dira larunbatean. Migrazio politika salatzeko protesta, Gazteluko plazan eginen dute, 17:30ean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko otsailaren 04a
Duintasunaren aldeko VIII. martxa babesteko elkarretaratzea eginen dute larunbatean, Iruñean

2014ko otsailaren 6an, "migrazio-politikan mugarri bat" ezarri zen arrazakeriaren aurkako eragileen ustez: "07:40etan, gomazko piloten eta gas negar-eragileen artean, gutxienez, hamalau pertsonen bizia kendu eta beren ametsak ito ziren itsasoan, herrialdeen arteko muga igerian zeharkatzeko ahaleginetan zeudelarik, Tarajal hondartzaraino (Ceuta)". Urte horretatik aurrera, Duintasunaren aldeko Martxa egiten da Ceutan. Ekitaldi horretan, ehunka pertsona eta 150 erakunde baino gehiago biltzen dira, egun hartan hil ziren pertsona guztien oroigarri, eta baita migrazio-politikek eragiten dituzten heriotzen oroimenez. 

2014ko otsailaren 6an Ceutako El Tarajal hondartzako itsasertzean hamabost pertsona itota hil ziren Maroko eta Ceuta bereizten dituen dikea igerian gainditzeko ahaleginetan ari zirela, Espainiara etorkin moduan sartzeko asmoarekin. Testigantza zenbaiten arabera, Guardia Zibilak pertsona horien sarrera eragotzi asmoz taldearen aurka egindako ke-sortzaile eta gomazko piloten jaurtiketek eragin zituzten heriotzak. Espainiako Gobernuak ukatu egin zituen akusazio horiek eta Guardia Zibilaren jokabidea oro har zuzena izan zela baieztatu zuen.

COVIDen egoera ikusita, aurten ezingo da kontzentrazio jendetsua egin Ceutan. Horregatik, Duintasunaren aldeko VIII. Martxaren antolakuntza-taldeak hilabeteak daramatza hainbat hiritan ekintzak, sinboloak eta keinuak egiten egoera berri honi alternatibak planteatuz, "Heriotza-politiken aurrean: memoria, bizitza eta eskubideak" lelopean.

Otsailaren 6an, larunbata, 17:30etan, kontzentrazio eta ekitaldi gehienak egingo dira, manifestuak irakurriz hainbat hiritan. Iruñean Gazteluko plazan eginen dute.