Duintasunaren aldeko Martxa Espainiako hiriburura iritsiko da larunbatean. Madrilgo agintariek gogor kritikatu dute ekimena eta hiriburua poliziek hartuko dute.
Madrilgo Gobernuaren hitz gogorrak
Madrilgo Erkidegoko presidente Ignacio Gonzalezek Duintasunaren aldeko Martxa Urrezko Egunsentia Greziako alderdi neonaziarekin konparatu du.
“Muturrek elkar ukitzen” dutela adierazi du, eta urrezko egunsentia alderdiaren programa politikoan dauden puntuak duintasunaren aldeko Martxaren manifestuan errepikatzen direla esan du.
Larunbatean, hilak 22 iritsiko dira Espainiako hiriburura zutabe guztiak, eta poliziaren presentzia zabala edukiko dute aurrez aurre.
Interbentzio Unitateko 33 talde izango dira Madrilen. Denera, istiluen-kontrako 1.650 agente.
LAB ez doa Madrilera
LABek Madrilgo Duintasunaren martxan parte hartzeari uko egitea erabaki du, “antolatzaile batzuen elektoralismoagatik”: Martxaren antolaketan parte hartu duten talde batzuek «mobilizazioaren helburuak guztiz trakestu» dituztela uste dute sindikatu abertzaleko kideek, eta hauteskundeei begira “beren onuren” alde egiteagatik benetako zentzua “desitxuratu” dutela esan dute.
Iruñean Prekarietatearen aurkako martxa
Prekarietatearen eta pobreziaren aurka Gune Plataformak antolatutako mobilizazioak Hego Euskal Herria gurutzatu du azken bi asteotan. Iruñean eman zioten atzo amaiera.
Espainiako Gobernuaren erabaki politikoak salatu nahi dituztenek larunbatean Madrilen protestari jarraipena emateko deia egin dute zenbait euskal eragile eta sindikatuk.
Zutabeak Madrilera
Euskal Herritik asteartean atera zen Madrilerantz zutabea. Gasteiztik abiatu ziren, eta bidearen zatirik luzeena autobusez egin dute.
Asteazkenean hasi ziren oinez, eta Donostiatik autobusez edo trenez abiatutako jendea batuko zaie larunbatean.
Martxarik jendetsuena Andaluziatik ateratakoa da, 500 pertsona inguru Madrilerainoko bidea oinez egiten ari baitira.