Duela hamahiru urte alzheimerra diagnostikatu zioten Maribel Tellaetxeri, eta orduan argi utzi zuen bere borondatea, baina senideek ezin diote hiltzen lagundu, Espainiako Estatuan legez kanpokoa delako. Eutanasia despenalizatzeko lege proposamena Madrilgo Kongresura eramana zuen PSOEk, eta aurrera ateratzeko aukerak zituen, baina hauteskundeen aurrerapenak bertan behera utzi du bozketa. Kurioski, duela bi urte Podemosek egin zuen proposamena Kongresuan, eta orduan PSOE abstenitu egin zen, gaiaren inguruan “gizartean eztabaida patxadatsua” behar zela argudiatuta.
Maribel Tellaetxeren familiak egindako presioari esker, Portugaleteko Udalak eutanasia legeztatzearen aldeko deklarazioa onartu du eta 185.000 sinadura ere lortu dituzte senideek. Beste familia batekin batera, guztira 280.000 sinadura aurkeztu dituzte Espainiako Kongresuan, eutanasia legeztatzeko aldarrikatuz.
“Sufrimendutik salbatzea ere bizitzak salbatzea da”
Eskaerarekin bat egiten du Marcos Hourmann medikuak. Espainiako Estatuan eutanasia aplikatzeagatik kondenatutako lehenengo medikua da bera. Bizitzak salbatzeko medikuek duten betebeharrarekin eutanasia nola uztartzen den galdetuta, garbi du: “Sufrimendutik salbatzea ere bizitzak salbatzea da; pazientearen bizitzagatik ezer egin ezin daitekeenean, gutxienez minetik salbatzea. Nik pertsona bat salbatu nuen, beste ezer egiterik ez zegoenean”. Hourmannentzat, pazienteak aski dela dioenean, bere borondatea errespetatu behar da: “Ezin dugu pertsona batek bere bizitzaren gain hartu duen erabakiaren kontra egin. Esaten ari gara pertsonok ez dugula geure bizitzaren inguruan erabakitzeko ahalmenik, sistemaren arabera hil behar dugula”.
Gaiari lotuta: