argia.eus
INPRIMATU
Duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu zirela oroituko dute Donapaleun
  • Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 06a

Donapaleuko Jondoni Paulo elizan, duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu ziren Henrike II.a erregearen deiari erantzunda. Erresumaren zati handiena armada espainiarrak konkistatu eta okupaturik zuen, baina Nafarroa Behereko lurralde txikian mantendu zituen bere egiturak: auzitegia, moneta etxea, presondegia... hala iraun zuen ia beste mende batez bederen.

Hori gogoratzeko beste eguna antolatu dute Amikuzen euskara sustatzeko lanean dabilen Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek. Nafarroa Bizirik 1523-2023 deitu diote bestari, eta irailaren 9an izango da, Donapaleun bertan.

Goizean konferentziak izango dira Bideak kultur gunean. Alvaro Adot, Beñi Agirre eta Peio Monteano historialari eta Nafarroako konkistari buruzko adituek hitz egingo dute. Ondoren, eguerdi partean Zabalik-ek eta Donapaleuko Herriko Etxeak plaka bat jarriko dute, 1523ko abuztuaren 28an egindako biltzar hura gogoratzeko.

Arratsaldean, 15:00etatik aurrera Amikuzeko bertsolariek giroturiko bisita gidatua prestatu dute Touzaa etxetik hasita, Donapaleuko kaleetan barrena.

'Loraldia' erakusketa jadanik ikusgai da egunotan, Donapaleuko Bideak kultur guneko aretoan. Argazkia: Zabalik-

'Nafarroa Bizirik' ikusgarrian, 170 lagun

Eguneko zita garrantzitsuenetakoa merkatu estalian izango da, 17:00etan. Nafarroa Bizirik ikusgarriaz gozatu ahal izango dute bertaratuek. 170 lagun baino gehiagok hartuko du parte bertan oren eta erdiz, dantza eta musika bidez: "Ez-historia bilakatu diguten gure historiaren interpretazioa eskainiz", azaldu dute antolatzaileek.

Ikusgarrian Iruñeko, Antzuolako eta Arizkungo dantzariak, Kanboko eta Amikuzeko erraldoi edo ziganteak, joaldunak, Baigorriko eta Gaitamikeko gaiteroak eta espreski ekitaldirako entseatzen aritu diren Amikuzeko 40 kantari ariko dira, besteak beste.

Txarangak, dantzaldia, jatekoak eta beste ere izango dira gaualdera arte Donapaleun, Nafarroako hiriburu bilakaturik berriz ere.

Nafarroako Erresuma gutxienez 1620ko Paueko bateratze ediktura arte mantendu zen bizirik bere egitura guztiekin, eta askoz gerora arte ez zen desagertu. Baina Nafarroako konkistaren pasarteak orain arte ezezagunak izan bazaizkigu, are ezezagunagoak dira bere iraupenari buruzkoak Pirinioen magalean.

"Nafarroa Baxenabarre zen ordukotz, gure erresumak hego partea galdua baitzuen, eta horrela iraunen zuen oraino bi mendez, gure subiranotasunak Frantziako Iraultzarekin azken kolpea hartu arte", diote Zabalik-eko kideek. Larunbatekoa kultura, hizkuntza eta memoria batuko dituen besta izango da hortaz.