argia.eus
INPRIMATU
Duela 40 urteko uholdeei emandako erantzun herritarra omendu dute Bilboko Konpartsek
  • Elkarlan Uholdea kanpainaren ekitaldi nagusia egin dute larunbatean. Elkarlanari eustera deitu dute, Lurraren beroketaren ondorioz ugaritu litezkeen muturreko klima gertakarien aurrean.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 28a
Plaza Barrian egindako ekitaldia. Argazkia: Bilboko Konpartsak.

Bilboko Konpartsek antolatu dute ekitaldia, duela 40 urte Bilbo eta inguruak berreraikitzen lagundu zuten pertsonen esfortzua gogora ekarri nahian. Plaza Barrian bildu dira eta 13:00etan abiatu da ekitaldia, hainbat artista eta gonbidaturekin.

Orduko elkarlana gaur egun jarraitzen duela nabarmendu dute ekitaldian, eta Bilboko Aste Nagusia antolatzen duten milaka boluntarioen ahalegin kolektiboa nabarmendu dute. Ekitaldia konpartsetako partaide guztien eta garai hartako omenduen arteko brindis batekin amaitu da, txupinerak suziria jaurti ondoren.

Omenaldia egiteaz gain, Elkarlan Uholdea kanpainaren bultzatzaileek beste helburu bat adierazi dute, etorkizunari begira: “Berotze globalaren norabideak muturreko klima gertaerak ugaritzea eragiten ari dira. Halako batean Bilbo berriro urak hartzeko arriskua hor dago. Nola jokatuko dute orduan Bilbotarrek? Duela 45 urte jai-eredu eredugarria sortu zen bezala, duela 40 urte elkarlan-eredu eredugarria sortu zen. Ez dadila galdu!”.