argia.eus
INPRIMATU
Egia eta justizia exijituko dute German Rodriguezen heriotzaren 35. urteurrenean
  • Ekitaldiak antolatu dituzte German Rodriguezen omenez aurten ere Iruñean, hilketaren 35. urteurrenean. 78ko San Ferminetan hil zuen poliziak, eta oraindik ere egia eta justizia bila dabiltza.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 04a
sanfermines78gogoan.org

San Fermines 78 gogoan taldea ari da gertakariak argitu nahian. Aurtengo ekitaldiak iragartzeko eman duten prentsaurrekoan, Miren Egaña eta Ramon Contreras taldeko kideek zera adierazi dute: “Egiaren bila gabiltza, ahanzturan lurperatu nahi duten diskurtso ofizialetik erreskatatzeko gertaera haiek”.

“Frankismoaren basakeriak ekarri zuen justiziarik eza desmuntatzen, eta gaizki deitutako trantsizioaren alimaleko iruzurra azaleratzen” lanean ari direla ere nabarmendu dute.

Urtero bezala, Rodriguezi eskainitako harriaren aurrean ekitaldia eta lore-eskaintza egingo dituzte.

Egañak eta Contrerasek aipatu dute bi gai berri dauzkatela. Batetik, ‘Argentinako Kereila’, Argentinako epaitegi batean frankismoaren erregimenak gauzatutako genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik irekitako auzia. Bestetik, Nafarroako Parlamentuan prestatu behar den memoria historikoaren inguruko foru lege berria. Frankismoan eta ondorengo trantsizioan egindakoak argitara ateratzeko aukera dela nabarmendu dute, eta hemendik aurrera egia eta justizia bermatzekoa.

78ko gertaerak uztailaren 8an izan ziren. Ilunabarreko 20:45ean, azken zezenak pasata hasi ziren istiluak. Amnistia eskatzen zuen pankarta bat atera zuen talde batek, eta plazako beste sektore batekin hasi ziren lehen arazoak.

Iruñean orduko Espainiako Poliziako komisario zen Miguel Rubioren aginduetara zeuden “grisen” interbentzioa eragin zuen. Gas negar-eragileekin eta gomazko pilotekin ekin zioten erasoari, baina egoera gogortuz joan zen, eta benetako 130 bat bala jaurti zituzten. Hamaika lagun inguru zauritu zituzten, eta German Rodriguez hil.  

Informazio gehiago:

San Fermines 78 gogoan taldeak argitaratutako txostena.