argia.eus
INPRIMATU
Duela 25 urte istiluak izan ziren Berako Nafarroa Oinez gogoan
  • Atzo bete ziren 25 urte Guardia Zibilaren 30 patruila Berako Labiaga ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezen ibilbidean sartu eta jendearen kontra oldartu zirela. Espainiako Gobernuarentzat «neurriko» jokabidea izan zuten; herriko bizilagun eta eragile gehienentzat, ordea, «basakeria» izan zen. Hura gogoan, erreportajea kaleratu zuen atzo Berria egunkariak.

Erran .eus @erran_eus 2019ko irailaren 20a
Berria egunkariko irudia.

Trikornioek belztu zuten festa izenburupean hainbat lekukoren testigantzak bilduz erreportajea egin zuen atzo Berria egunkariak. 1994an, atzoko eguna, irailak 18, mugarri izan baitzen Nafarroa Oinezen historian, «baina ez ospakizunengatik edo euskarari emandako bultzadarengatik, baizik istiluengatik eta polizia indarkeriagatik», dio Berriak.

«Hasieran, pozez txoratzen ginen denok. Nafarroa Oinez hura irailera aurreratzeko apustua egin genuen, eta ongi atera zitzaigun: eguraldia lagun izan genuen, jende andana etorri zen, ibilbide zoragarria prestatu genuen, eta kultur eskaintza ere berebizikoa izan zen. Tamalez, festa belztu ziguten», dio Joxan Oiz urte hartan Labiaga ikastolako zuzendari zenak Berriari eginiko elkarrizketan. Istilurik larrienak 19:00 aldera piztu ziren, baina ikastolako zuzendariak,  lehen «txinpartak» lehenagotik sumatu zituztela adierazi dio: «Guardia Zibilaren lehen probokazioak 13:00 aldera antzeman genituen. Guk segurtasun kontu guztiak Foruzaingoarekin hitzartuta genituen, eta hortaz, ez genuen Guardia Zibilarekin inolako negoziaziorik edo harremanik eduki. Hala ere, haiek erabaki zuten hiru patruilarekin sartzea jendez beteta zegoen ibilbidera. Eta hor hasi zen sestra».

 

 

 

Berriako irudia

 

 

 

Kuartelean, guardia zibilek Espainiako bandera handi bat eskegi zutela gogoratu du Berriak: «Berako kuartelean ez zen egoten banderarik normalean; egun horretarako paratu zuten, propio». Eztegara pasealekuan bilduta zeuden gazteetako batzuek txistu eta oihu eginez erantzun zuten guardia zibilen aurka, eta, zenbait lekukoren arabera, edalontziak ere jaurti zituztela dio egunkariak eta botila batek kuarteleko hesia jo zuela. «Jendea asaldatzen hasi zen, eta ni neu joan nintzen gazte batzuengana, lasaitasuna eskatzera. Eskatu nien ez erortzeko probokazioetan, eta, itxura batean, hor bukatu zen kontua».

Orduko Berako alkate Manuel Iriarteren hitzak ere bildu ditu Berriak erreportajean: «Jendea aztoratuta zebilen, Guardia Zibilaren ibilgailuak Nafarroa Oinezera sartu zirelako. Ibilbide erditik zihoazen patruilak, kontrako noranzkoan. Norbaitek botila bat jaurti zuen, eta kuarteleko ate automatikoa izorratu zuen. Une horretan, polizietako batek airera egin zuen tiro». Berriaren arabera, guardia zibilekin hitz egiten saiatu omen zen alkatea: «arduraz eta lasitasunez jokatzeko eskatu nien, ibilbidean zegoen jendetza ikusita egoera hura triskantza bihur zitekeleeko». Propio eskatu omen zien polizia gehiago ez ekartzeko, baina ordurako 30 patruila inguru Tafallako, Iruñeko eta Intxaurrondoko kuarteletatik Berarako bidean ziren. Iriarteren hitz gehiago ere bildu zituen atzoko artikuluak: «19:00 aldera deitu zidaten aguazilek: Guardia Ziila negarra eragiteko gasa botatzen ari zen, jendearen aurka».

 

 

 

Berriako irudia.

 

 

 

Gomazko pilotak eta ke pote ugari bota omen zituzten guardia zibilek, eta batzuk ibaira egin omen zuten salto eta bertzeak mendian goiti abiatu omen ziren ihesi. Herritar batzuek barrikadak jarri zitzutela azaldu du egunkariak, eta harriak, botilak eta bertzelakoak bota: «Ika-mika oso gogorra zen ordurako», gogoratu du Iriartek Berrian eta egoera ikusita, Guardia Zibilaren kuarteleko arduradunarekin, Moreno koronelarkein, solastatu omen zen: «Erran zidan bazter nahastaile gehiegi  zeudela inguruan, eta nik erantzun nion istiluak gelditzea bere esku zegoela bakar-bakarrik».

Azkenean, 22:30 aldera lasaitu zen giroa, eta handik ordu erdira alde egin zuten patruilek. Istiluen ondorioz, 50 lagun zauritu ziren. Hurrengo egunean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak Guardia Zibiliaren bertsioarekin bat egin zuen, baita Nafarroako lehendakari Juan Cruz Allik ere. Bertsio ofiziala gailendu izanak «kalte izugarria» eragin omen zion ikastolari. Oizen hitzetan, «kolpekatutako eta azpiratutako ikastetxe bihurtu zen Labiaga ikastola. Gaiztotu egin ziren beste ikastetxe batzuekiko eta administrazioarekiko harremanak».