argia.eus
INPRIMATU
Duela 25 urte desagertutako Nestor Basterretxearen “Araba” eskultura aurkitu dute Aratz mendian
  • Obra 1995ean ezarri zen mendiaren tontorrean, baina handik urte gutxira, haren arrastoa galdu zuten. Araiako bizilagun batek gailurretik 500 metrora aurkitu du asteburu honetan. 

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 03a
Argazkia: Asparrenako Udala

Nestor Basterretxearen “Araba” eskulturaren brontzezko erreplika Aratz mendiaren gailurrean kokatu zuten 1995ean. Baina, handik urte pare batera Basterretxearen obra desagertu egin zen. Asteburu honetan, Aritz Albisu Araiako bizilagunak tontorretik 500 metrora aurkitu du; eta astelehenean, Asparrenako Udaletxera jaitsi dute. Nestor Basterretxearen semeak, Gorka Basterretxeak, eskultura “Araba” obra dela baieztatu du asteazkenean.

Ia 25 urte desagertuta egon ondoren, Aritz Albisu mendizale araiarrak “Araba” eskultura Aratz mendiaren gailurretik kilometro erdira aurkitu du asteburuan. Mendizaleak obrari argazki bat atera eta emazteari bidali dio, eta honek Nestor Basterretxearen eskultura identifikatu du. Txelo Auzmendi Asparrenako alkatearekin kontaktuan jarri ondoren, astelehenean, Albisuk, alkateak, herriko aguazil ohi batek eta basozain batek eskultura menditik udaletxera jaitsi dute.

Brontzezko obrak ez dauzka kalte larririk, eta familiako kideek Udalarekin batera non kokatu erabaki behar dute orain. SER hedabideak jaso duen bezala, Gorka Basterretxeak esan du espazio ireki batean jartzea gustatuko litzaiokela, aitak ere horrela nahi izango zukeelako.

Trilogia baten parte

Obra 1962an eraiki zuen Nestor Basterretxeak, eta, bere brontzezko erreplika, “Bizkaia” eta “Gipuzkoa” eskulturekin batera, trilogia baten parte zen. Aratz mendiaren tontorrean kokatuta zegoen, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoa biltzen dituen puntuak duen balio sinbolikoagatik.