ESK sindikatuaren Argilan plataformak, Berri Otxoak plataformak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarriko diote DSBEaren araudi berriari, prestaziorako sarbidea mugatu eta "eskubide gehiago murriztuko" dituelako euren esanetan.
Azaro honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) araudia eguneratu egin dute, eta horrek "isilpean" murrizketak ekarri dituela salatu dute kolektibo sozialek. Argilan eta Berri Otxoak plataformek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu dutenez, egindako hainbat aldaketen ondorioz "funtsezko eskubide batzuk" urratu dira, eta hartzaileei kalte egingo die horrek.
Bilboko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute agerraldia asteazkenean talde horietako kideek, helegitea aurkeztu baitiote epaitegietan DSBEaren eguneraketari.
Eguneraketa horrek "bizitoki" kontzeptua aldatu duela salatu dute eta ondorioz etxebizitza bat titulupean –jabetzan edo errentan– ez dutenek ezin izango dute DSBErik eskuratu. Horrek kanpoan utziko lituzke kontraturik ez duten guztiak, hala nola etxebizitza okupaturik dutenak, logela soilik alokatuta dutenak edo berralokatutako etxebizitzetan bizi direnak.
Bestalde, talde horiek salatu dute beste prestazio batean ere zailtasun gehiago jarri dituela orain administrazioak. Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa jasotzeko, hemendik aurrera derrigorrezkoa izango da hiru urtez Etxebiden izena emanda egotea. Prestazio horrek aurretik zegoen beste laguntza bat ordezkatzen du pasa den apiriletik.
DSBEaren eguneraketak "bizitoki" kontzeptua aldatu duela salatu dute eta ondorioz etxebizitza bat titulupean –jabetzan edo errentan– ez dutenek ezin izango dute prestazioa eskuratu. Horrek kanpoan utziko lituzke kontraturik ez duten guztiak
"Gaur epaitegietan inpugnatzen duguna izebergaren punta baino ez da. Etxebizitzarako prestazioen arloan ematen ari diren hainbat erreforma eta murrizketari gehitu behar zaio, sektore pobretuenak kanporatzea helburu dutenak", azaldu dute.
Hala, datorren otsailaren 24an manifestazioa antolatu dute Bilbon, "murrizketen aurka, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurka eta pertsona guztientzako kalitatezko bizi-baldintzen alde", Moyua plazatik 12:00etan irtengo da mobilizazioa.
Lege "ikurra" batzuentzat, "tranpa" besteentzat
Pasa den urtean jarri zen indarrean DSBEaren lege berria. Idoia Mendia lehendakariordearen eta PSEren lege-ikurretako bat izan da, eta 2022ko abenduan legea onartzerakoan Gasteizko legebiltzarrean hala erakutsi zuten harro legebiltzarkide sozialistek.
Legeak igoera bat ekarri zuen duela hamabost urtez geroztik herritarrek eskubide ukaezin duten DSBEaren taularen kopuruetan, eta horrez gain horiek eskuratzeko aukerak gehitzen zituen, sustatzaileen esanetan. PSE-EEk eta EAJ-k ez ezik, Elkarrekin Podemos-IUk ere alde bozkatu zuen, EH Bildu abstenitu egin zen gehiago egin zitekeela esanez, eta PPk eta Vox-ek kontra bozkatu zuten.
Nolanahi ere, legearekin kritiko azaldu ziren gizarte taldetako kide ugari, besteak beste pobrezia arriskuan dauden biztanleen %30 estaldurarik gabe uzten duelako.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, esaterako, salatu zuen Eusko Jaurlaritzak "tranpa" egin zuela 2019an, pentsio minimoak gutxieneko soldataren mailara ez igo behar izateko DSBErekin osatuta, 2008ko aurreko legeak agintzen duen moduan.