argia.eus
INPRIMATU
DSBEren aldeko grebalariek Eusko Legebiltzar barrura eraman dute euren oihua
  • 2017ko aurrekontuak onartu behar diren osoko bilkura gerarazi eta kanporatu egin dituzte martxoaren 24tik gose greban dauden kideak. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketarik ez dadila egin aldarrikatu dute.

ARGIA @argia 2017ko apirilaren 11

Hemeretzi egun gose greban eta mobilizazio ikusgarriak egiten ari diren justizia sozialaren aldeko militante eta herritarrek Eusko Legebiltzarreraino eraman dute euren protesta. Gasteizko hemizikloan EAJ, PSE eta PPk adosturiko 2017ko aurrekontuak ari dira eztabaidatzen eta PPko eleduna hitz egitera zihoanean eten egin dute No tragamos! (ez dugu irensten) leloa oihukatuz.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan murrizketarik ez egitea eskatzen dute mugimenduko kideek. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak diseinaturiko aurrekontuek halaxe egingo dute, ez DSBEa ez baita igoko gutxieneko lanbide arteko soldata adina  eta 2012tik %7ko murrizketa izaten ari baita. Horrez gain, laguntza hori jasotzen duten kideen estigmatizazioa ere salatu dute eta herritarren eskubideak babesteko beharran egin dute azpimarra.

Martxoaren 24an zortzi lagunek gose greba hasi zuten justizia sozialaren, herritarren eskubideen eta DSBE-ren alde Bilboko Arenalean –haietako bostek greba utzi behar izan dute–. Ordutik hona makina bat mobilizazio jendetsu antolatu dituzte.