argia.eus
INPRIMATU
DSBEa eta Nafarroako errenta bermatua Espainiako Gobernuaren gutxieneko errentaren osagarri izatera igaroko dira
  • Espainiako Gobernua onartzear den gutxieneko errenta izango da oinarri, eta horren osagarri izatera igaroko dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Nafarroako errenta. Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dituzte laguntzak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a
DSBEaren murrizketen aurkako protesta bat Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Ordezkaritzaren ateetan (Argazkia: Ecuador Etxea)

Maiatzaren 29an, ostiralean, onartuko du gutxieneko errenta Espainiako Ministroen Kontseiluak. Laguntza Gizarte Segurantza bitartez bideratzea da Espainiako Gobernuaren asmoa, beraz Hego Euskal Herritarrek ere jaso ahalko dute.

Espainiatik datorren ditu sarrera bateragarria izango da EAEn eta Nafarroan lehendik existitzen diren gutxieneko errentekin. Gizarte Segurantza bidez jasotako gutxieneko errenta izango da aurrerantzean oinarri, eta horren osagarri izatera pasako dira Nafarroako errenta bermatua eta DSBEa. Osagarriak, uste delako Espainiako Gobernuak onartuko duen gutxieneko errenta baxuagoa izango dela, Espainian bizitzaren kostua ez baita Euskal Herrian bezain altua.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak adierazi zuenez, laguntzak bestelako moduz uztartzeko asmoa zegoen hasieran, Espainiako Gobernuak errenta autonomikoak osatzea aurreikusten baitzuen. Planteamenduaren aldaketaren ondotik, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren oinarrizko errenten zati handia Espainiako Gobernuak ordainduko du aurrerantzean.

Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute gutxieneko errenta, EAJk eta Espainiako Gobernuak eskumenaren transferentzia adostu baitzuten asteazkenean.