argia.eus
INPRIMATU
DSB ez murrizteko eskatuz barau jendetsua egingo da asteburuan Bilbon eta Donostian
  • Martxoaren 24an zortzi kidek ekin zioten gose grebari Bilbon eta hiruk jarraitzen dute egun. Asteburu honetan Bilbon eta Donostian baraualdia eta hainbat mobilizazio egingo dira. Jaurlaritzari eskatzen diote "gizarte zibilarekin elkarrizketa-bide bat ireki dezan lehenbailehen, egungo murrizketa politika leheneratzeko".

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko apirilaren 07a
Korrikan ere agertu zuten DSBE ez murrizteko aldarria.

Bilbon 50 pertsonatik gora espero dituzte

Bilboko Azaroaren 25eko plazan karpa jarria dago martxoaren 24tik. Gizarte eragile hauek denek abiatu zuten #rgimurrizketarikez ekimena: ESK sindikatuaren prekarietatearen aurkako Argilan plataforma, Argitan (Emakumearen Aholkularitza-Etxea, Barakaldo), Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Sorgin eta Anitzak, Danok Lan (Galdakao), Munduko Emakumeak, Besarkatuz, SOS Arrazakeria Bizkaia eta Kaleratzerik Ez!

Apirilaren 5ean, erakunde sindikalek, kolektibo sozialek, pentsionisten kolektiboek eta “Ekain-Inklusio sozialerako sarea”-k Eusko Jaurlaritzari premiazko deialdia egin zioten "gizarte zibilarekin elkarrizketa-bide bat ireki dezan lehenbailehen, egungo murrizketa politika leheneratzeko".

Hona martxoaren 29an gose grebalari batek nola azaldu zuen euren borroka:

Donostialdean mahai-ingurua eta giza-katea

Easo plaza izango da ekintza denen gune. Apirilaren 8an 10:00etan ekingo diote karpak montatzeari. 18:00etan "Murrizketak eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta" mahai-ingurua egingo dute eta gaua musika emanaldiak girotuko du. Apirilaren 9an asanblada egingo da 12:00etan eta 13:00ean, berriz, giza-katea. Donostialdeko #rgimurrizketarikez Herri Ekimenak antolatu du.

 

Artikulu honetan bildu ditugu DSBE jasotzeko herritarrek topo egiten duten oztopoak.