argia.eus
INPRIMATU
Droneekin “Spain sit and talk” pankartak aireratzea zen Tsunamiren asmoa
  • Asteazken ilunabarrean Bartzelona eta Real Madrilen arteko partidaren inguruan ikusmin handia sortua zegoen, batez ere Tsunami Demokratikoa mugimenduak protestarako jopuntu bilakatua zuelako. Camp Nou futbol zelaian "Spain sit and talk" pankarta erraldoiak zintzilikatzeaz gain, milaka pertsonak mezu bera idatzirik zuten paperak sartu zituzten. Tsunami Demokratikoak, dena den, droneekin ekimena prest zuela argitaratu dute ostegun goizean, baina Esquadra Mossoek harrapatu zituzten.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko abenduaren 19a
Pankarta erraldoiak jarri zituzten Camp Noun, nahiz eta Espainiako telebistek agindua zeukaten ez erakusteko.

Catalunya Radio-ri emandako elkarrizketa batean, Tsunami Demokratikoko kide batek aitortu du Esquadra Mossoek aparailu hegalaria atzeman zutela estadioaren gainera iritsi aurretik.

Antolatzaileek adierazi dute akatsetatik ikasi dutela, eta ekintzak eta aldarrikapenak denboran luzatuko dituztela. Ekintza borobiltzea lortu ez duten arren, pozik daude “Spain, sit and talk” leloa agenda politikoan sartzeko lanean ari direlako.

Azkenik, Bartzelona futbol taldea kritikatu dute, segurtasun pribatuari pankartak konfiskatzeko argindua eman ziotelako.